Apirila amaitzear da, honez gero maiatzean sartzear gaude. Urteko bosgarren hilabetearekin batera, lehen igandean ospatuko da Andatza Eguna, aurtengoan, hilaren 3an, aste honetan bertan, beraz. Ohi bezala, ez da faltako auzolanean arituko den herritar taldeari esker jan-edanik, tontorrera igotzen direnentzat. Izan ere, babesleku ingurua herritarren elkargunea izango da beste urte batez, maiatzaren 3an. Goizean zehar, pintxoak edota sagardoa dastatzeko aukera izango da eremu horretan, auzolanean ariko den herritar talde baten eskutik.
Zirimararen familia plana
Horrez gain, girotua izango da aurtengo Andatza Egunerako igoera ere. Beste urte batez, Zirimarak familia-plana antolatu du maiatzaren 3rako. Igande goizeko 9:30etan jarri dute biltzeko hitzordua San Estebango plazan, “denok batera Andatzara igotzeko”. Antolatzaileek ohartarazi moduan, “deialdia irekia da, hau da, herriko edozein familiak har dezake parte”.
"50 urte, 50 tontor"
Igoera horren amaieran, babesleku parean bertan, talde argazkia atera ohi dute urtero; oraingo hau, ordea, berezia izango da. Izan ere, Kilometroak ekimenari atxikimendua adierazteko talde argazkia aterako da. Gipuzkoako ikastolen aldeko jaialdiak 50 urte beteko ditu aurten. Lazkaon egin zuten lehen Kilometroak eta 50. edizioa ere bertan ospatuko dute urriko lehen igandean. Mende erdi horren harira, “50 urte, 50 tontor” ekimena antolatu da. Herri bakoitzeko mendi tontorretan talde argazkiak ateratzeko egitasmoa da. Usurbilgoa, igande honetako, maiatzaren 3ko Andatza Egunean aterako da. “Aterako dugun argazkian parte hartzera gonbidatzen zaituztegu”.