Auto elektriko berria udal-langileen erabilerarako

Noaua Aldizkaria 2026ko apirilaren 28a

Udal-langileen joan etorrietarako auto elektriko berria du Usurbilgo Udalak.

Udal langileen eguneroko jarduna erraztuko duen bitarteko berria eskuratu du Usurbilgo Udalak; auto elektriko berria langileon eguneroko lanek eragindako joan-etorrietarako. "Auto berriak duela bost urte auto partekatuarentzat prestatu zen leku berean du hornidura zutoina, Kale Nagusian, udaletxeko plazaren aurrean: leku hori, aurrerantzean, auto berriarentzat soilik gordeko da, eta bestelako ibilgailuek ezingo dute bertan aparkatu", ohartarazi du Usurbilgo Udalak.

Aipatu moduan, ibilgailu berri honek 2021ean udal langileen eta herritarren eskura jarritako auto partekatua bertan behera utzi zuen Udalak. "Alokairuan hartu zuen kotxe hura udalak, eta bi urteren ostean, alokairu kontratua asko garestitu nahi zuen hornitzaileak: horixe izan zen bertan behera uzteko arrazoia. Autoaren beharra ez da desagertu, ordea, eta hainbat aukera aztertu eta ahalegin egin ostean, udal-langileen erabilerarako izango den autoa eskuratu du udalak, alokairuan, behar horrek bultzatuta", Udaletik argitu dutenez.

Horretarako, kontuan hartu behar izan dute egun indarrean den araudia. "EAEko Jasangarritasun Energetikoari buruzko 4/2019 legearen arabera, 2020tik aurrera administrazio publikoek erosten dituzten ibilgailu guztiek ordezko erregaiak erabili beharko dituzte. Horrez gain, ordezko erregaiak erabiltzea sustatzeko betebeharra dute, ingurumen inpaktua arindu eta beren ibilgailu-flotaren petrolioarekiko mendekotasuna gutxitzeko. Auto berria, hain zuzen, erabat elektrikoa da, 2023 amaieran brigadaren beharretarako erosi zen furgonetaren antzera".

Trantsizio ekosozialarekin bat
Inbertsio hau, trantsizio ekosozialari lotutako misioaren testuinguruan kokatu du Usurbilgo Udalak. "Auto berria eskuratzeak, beraz, trantsizio ekosozialerako ezarritako misio eta helburuekin bat egiten du". Izan ere, "misioen araberako gobernantza ereduaren barruan, udalak trantsizio ekosozialera begirako misioa ezarria du, eragileekin eta herritarrekin batera: 2030. urterako Usurbil klimatikoki neutroa izango den herria bihurtzea, balioen eraldaketan, mugikortasun eredu jasangarrian, baliabide naturalen zaintzan eta bertako kontsumo eredu arduratsuan oinarrituko den trantsizio justua garatuz".

Horrez gain, helburuok ere finkatuak ditu 2030. urterako: "Usurbilen sortzen diren hiri hondakinak %10 gutxitzea; energia kontsumoa %40 gutxitzea eta energia berriztagarrien kontsumoa %40 handitzea; 10 minututan oinez edo bizikletaz mugitu daitekeenean kotxerik ez erabiltzea; autoaren erabileraren isurketak gutxitzea; tokiko merkataritzan eros daitekeenaren %60a herrian bertan erostea.