Martxoaren 6tik 15era egin zen Zumarte Musika Eskolak antolaturiko Soinurbil zikloaren 22. edizioa. Musika aste horren baitan, hitzordu bat egiteke geratu zen eta hori asteazken honetarako, apirilaren 29rako dago programatua, Usurbildik kanpo, Hernanin.
Zumarte Musika Eskolako ikasleek udalerri horretako eskolako kideekin emanaldi bateratua eskainiko dute, gaur arratsaldeko 18:30etan hasita Biteri kultur-etxean. Bi udalerriotako musika eskolek eginiko trukaketaren bigarren eta azken saioa izango da. Izan ere, estreinakoa, Usurbilgo musika astearen baitan eskaini zuten, martxoaren 11n Sutegin.
Horrez gain, askotariko ekitaldiei lekua egin zien Soinurbilek martxoko lehen hamabostaldian. Organo erakustaldia antolatu zuten Salbatore elizan, Zumarteko talde instrumentalek kontzertua eskaini zuten Aginagako Eliza Zaharra Kulturgunean, "Gora Musika! Dantzan" saioarekin dantza batean jarri zuten Zubieta... Hainbat talderen kontzertu egin ziren baita; Basabi taldearena Sutegin, edota kalejiran ibili zen Berako Musika Banda. Hugo Silveira Quartet taldeak erritmo brasildarrez girotu zuen, azkenik, Askatasuna plaza.