Duela astebete bezalaxe, berriz ere abisu horian izango gara asteazken honetan, apirilaren 29an, ekaitz arriskuagatik. Euskalmet meteorologia agentziak ohartarazi duenez, gaur arratsaldeko 15:00etan hasi eta gauerdira arte izango da indarrean kolore horretako abisua, prezipitazio handiagatik. "Ordubetean 15 l/m² baino gehiago pila daitezke. Zaparrada ertainak eta trumoitsuak egingo ditu eta zenbait lekutan handiak izan daitezke. Txingorra (1 cm) egin dezake eta haize-bolada gogorrak edo oso gogorrak izan daitezke (60-80 km/h)", jakinarazi du Euskalmet-ek.
Giro honekin, aipatu meteorologia agentziaren arabera, asteazken honetan, hilaren 29an Usurbilen, "zerua oso hodeitsu egongo da, egunaren erdiko orduetan hodeitsu. Arratsaldetik aurrera bero-hodeiak garatuko dira. Zaparrada txikiak egin ditzake, zenbait lekutan ertainak eta trumoitsuak, bereziki egunaren bigarren partean. Norabide aldakorreko haize ahula ibiliko da, goizean hego-ekialdetik finkatuko da. Arratsaldetik aurrera eta kostaldean ipar-osagaiko haize ahul-bizia ibiliko da. Ekaitz eremuetan haize-bolada gogorrak eta oso gogorrak izan daitezke. Tenperatura maximoak gutxi edo nahikoa igoko dira".
Ostegunean, hilaren 30ean, "zerua tarteka hodeitsu egongo da. Zaparrada txikiak egingo ditu, bereziki goizaldean eta egunaren bigarren partean. Norabide aldakorreko haize ahula ibiliko da, tarte biziekin. Eguerditik aurrera ipar-osagaira aldatuko da, ahul-bizi. Tenperatura minimoetan aldaketarik ez. Tenperatura maximoak gutxi jaitsiko dira".
Ostiralean, maiatzaren lehenean, "zerua partez hodeitua egongo da. Arratsaldean bero-hodeiak garatuko dira eta zaparrada txikiak egin ditzake. Hego-ekialdeko haize ahul-bizia ibiliko da, bolada gogorrekin; eki-osagaiko tarteak izango dira. Tenperatura minimoetan aldaketarik ez edo gutxi jaitsiko dira. Tenperatura maximoak gutxi edo nahikoa igoko dira".
Informazio eguneratua, euskalmet.eus bidez jaso ahalko duzue.