Herri ordezkaritza, "Ongizatearen plazan"

Noaua Aldizkaria 2026ko apirilaren 29a

Eskualde mailako "Ongizatearen plaza" ireki dute bi egunetarako asteazken honetan, apirilaren 29an Hernanin.

 

Gipuzkoako Foru Aldundiak eskualde mailako "Ongizatearen Plaza" antolatu du bi egunotarako, apirilaren 29rako eta 30erako Hernaniko Urbieta kalean. "Gazteen ongizatea, nahi ez den bakardadea, osasuntsu zahartzeko ariketa fisikoa, buruko osasuna, teknoadikzioak, elikadura jasangarria, migratzaileen inklusioa, teknoadikzioak eta norbere gorputzaren jabekuntza izango dira mintzagai, besteak beste". Solasaldiak, topaketak, mahainguruak, jarduera parte hartzaileak... eta gehiago izango dira. Segidan duzue egitaraua.

Hitzorduon artean, herri ordezkaritza ere izan da. Izan ere, ziklo honen lehen ekitaldietako batean parte hartu du Jakoba Errekondo usurbildarrak. Elikadura jasangarria eta osasuntsua hizpide izandako solasaldia bideratu du. Berak hitza hartu du hasieran. Bere adierazpen hainbat dituzue albiste honi atxikitako bideoan, baita plaza honen aurkezpen agerraldian parte hartutako Gipuzkoako Ahaldun Nagusiren Eider Mendozaren eta Hernaniko alkate Xabier Lertxundiren adierazpenak ere.

"Ongizatearen Plaza"
Tokia: Hernaniko Urbieta kalea.
Apirilak 29, asteazkena
10:00-11:30 Osasuntsu zahartu: "Adinberriren eskutik, goizero ETBn egiten den programa berezia: Iñigo Vicens prestatzaile fisikoarekin kirol saio irekia, eta jarraian, mindfulness terapia Raquel Rodríguezekin eta estimulazio kognitiborako tailerra Naia Ros-ekin".
11:30-13:00 Elikadura jasangarria eta osasuntsua: "Jakoba Errekondo agroekologian adituarekin solasaldi irekia. Paisajista, agronomoa eta agroekologian adituak, elikadura arduratsu eta jasangarriaren gakoak azalduko dizkigu, eta honekin batera arituko dira bi nekazari euren esperientziak kontatzeko: Egoitz Etxebeste, Igeldoko abeltzaina, eta Hernanitik, Arriatzu baserriko Ane Zeberio".
16:00-17:00 Plaza podcast irratsaioa: "Norberaren gorputzaren jabe izatearen hiru begirada desberdin. Podcast irratsaioa".
17:30-18:30 Inklusioa ongizate bihurtzen denean: "Nola hobetu bazterkeria arriskuan dauden herritarren ongizatea? Topaketa honetan, Hernaniko proiektu inklusiboetan parte hartzen dutenen errealitatea ezagutuko dugu ingurune bidezkoago, eskuragarriago eta gizatiarragoei buruz hausnartzeko".
18:30-19:30 Elkar-ezagutza integraziorako: "Nola bizi da norbere jaioterria utzi eta herri ezezagun batean integratzeko eta bizi proiektu berri bat garatzeko prozesua? Eta, nola jasotzen ditugu kultura desberdinetatik datozen herritar berriak? Oztopoak eta aukerak, bizipenak eta ohiturak, beste hainbat gaien artean hizpide izango ditugu begiradak partekatzea bilatzen duen topaketa honetan". 

Apirilak 30, osteguna
10:00-11:30 Gazteen ongizatea: "Sare-sozialekiko adikzioa, gaitasun sozialen galera, suizidioaren hautua.. hiperkonexioaren eraginak dira soilik? Gazteak izango dira euren ongizatean eragina duten faktore desberdinak azaleratu eta eztabaidatuko dituztenak".
11:30-13:00 "Nahi ez den bakardadea: "Aukeratzen ez den bakardadea ez da soilik adin tarte baten arazoa. Hirugarren adinari bezala gazteengan geroz eta eragin gehiago duen arazo bat da.  Ados teatroak bakardadearen inguruan ekoiztutako hiru mikrodokumentalen eskutik, beste horrenbeste herritarren kasu erreal bezain gordinak gertutik ezagutuko ditugu. Dokumentaletako protagonistetako batek parte hartuko du ondorengo solasean".
17:30-18:30 Teknoadikzioak: "Haurren ongizate emozionalean, sozialean zein fisikoan duten eraginagatik, mugikorren eta teknologia digitalen erabilera arduratsua eta osasungarria bultzatzeko saio dinamikoa Altxa Burua elkartearekin. Bereziki gurasoei bideratutako saioa".
18:30-19:30 Kantu jira: "Kantu Jira saio berezia eta ondoren pintxo poteoa".