LAB sindikatuak eskualde mailako manifestazioa antolatu du maiatzaren 1erako. Eguerdiko 12:30ean abiatuko da, Hernaniko gudarien plazatik. "Euskal langileok, gerrari eta gerraren faktura ordaintzeari ezetz esango diogu, eta antolakuntza kolektiboaren zein borrokaren bitartez, Euskal Herrian beste eredu bat posible dela aldarrikatuko dugu", prentsa-ohar bidez jakinarazi duenez.
Buruntzaldean eta "Euskal Herriko gainerako eskualdetan, kaleak hartuko ditugu maiatzaren 1ean". Aurten, LAB sindikatuak hiru aldarrikapen nagusi azpimarratuko ditu bere mobilizazioetan: "Etxebizitza eskubidea, kalitatezko zerbitzu publikoak eta soldata zein pentsio duinak". Modu honetan zehaztu dituzte aldarriok:
-Gutxieneko soldata eta pentsio duina denontzat, bizitzaren garestitzeari aurre egiteko. Arrakala matxista, arrazista, eta belaunaldi-arrakalarik ez.
-Zerbitzu publikoak sendotu, hezkuntza, osasuna edota zaintza eskubidea bermatzeko.
-Etxebizitzaren gaineko espekulazioarekin amaitu.
-Industrian trantsizio ekosoziala bideratu eta enplegua defendatu.
"Denon bizitzak erdigunean"
Mundu mailako testuingurura begira jarrita, gerraren aurkako mezua ere hedatu nahi du LAB sindikatuak aurtengoan. "Finantza-krisiarekin, pandemiarekin edota Ukrainako gerrarekin gertatu bezala, Ekialde Hurbileko gerraren faktura langileei ordainarazten saiatuko da patronala, prezioak garestituz eta enpleguari nahiz lan-baldintzei eraso eginez. Horri erantzunez, LABek irmoki adieraziko du gerraren aurkako mezua Maiatzaren Lehenean", ohartarazi dute.
Testuinguru horrek eragindako egoera ekonomiko ezengorrak "langileen aldeko politikak egiteko premia areagotzen du" LAB sindikatuaren esanetan. Honenbestez, "gutxi batzuen etekinak baino, denon bizitzak erdigunean jarriko dituen eredua" aldarrikatu du LAB sindikatuak ostiral honetako Maiatzaren Lehenean.