Mobilizazio eguna izango da beste urte batez, ostiral hau, maiatzaren 1a, Langileen Egunaren harira. Hainbat manifestazio deitu dira eskualde eta hiriburuetan. Haiekin guztiekin bat egiteko deia egin du Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak (EHPM). "Euskal Herrian manifestazioak egingo dira hiriburu guztietan eta beste herri batzuetan. 1.500 euroko gutxieneko soldata propioaren defentsa, eta pentsio publiko duinen defentsa presente egongo dira. Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak mobilizazioekin bat egitera gonbidatzen ditu pentsiodunak", jakinarazi dute.
Gogora ekarri dutenez, egun hau, "elite ekonomiko kapitalista handiek eta estatu inperialistek eragindako gerra eta genozidioek markatutako nazioarteko testuinguruan gertatzen da. Indar kontserbadore eta eskuin muturrekoen gorakada ikusten ari gara munduaren zati handi batean, giza eskubideen eta herrien aurkako eraso basatiekin. Era berean, nazioarteko krisi ekonomikoaren ondorioak herri-klaseen gain ezarri nahi dira, pentsio, soldata eta eskubide sozial eta demokratikoen sistema publikoetan murrizketak eginez".
Betoaren salaketa
Maiatzaren lehen eguneko mobilizazio egunaren bezperatan, aipatu herri mugimenduak aldarrikatu du, "gaur inoiz baino arrazoi gehiagorekin Lanbide Arteko Gutxieneko Soldata adina Gutxieneko Pentsioa".
Gogora ekarri dutenez, "2025eko irailaren 25ean EAJ, PSE eta VOXen botoekin, EHPMk proposatutako eta 145.142 sinadurek babestutako Herri Ekimen Legegilearen eztabaidari betoa jarri zitzaion Eusko Legebiltzarrean. HEL horretan gutxieneko pentsioak LGSraino osatzea eskatzen genuen. Beto horrek beharra duten pertsonen diru-sarrerak hobetzea eta gutxieneko diru-sarreretan genero-arrakala amaitzea eragotzi zuen".
Beto horrek "bi aldiz sumintzen gaitu" salatu du aipatu herri mugimenduak, egungo egoera sozioekonomikoa kontuan izanda. "Pentsiodunen eta langileen pobrezia areagotzen ari da prezioak igotzen ari diren abiadura berean, eta Herri Ekimen Legegileari betoa jarri ziotenek hori galarazteko erabaki eraginkorrik hartu gabe jarraitzen dute".
Ondorioz, "jasanezina da gero eta pertsona gehiago txiroagoak diren bitartean, enpresa handiek, urtez urte, mozkin errekorrak haustea. Amorragarria da alderdi batzuek interes handiagoa jartzea multinazionalen irabaziak handitzeko, pertsonen bizi-baldintzak hobetzeko baino".
Legalki tramitatzeko eskaera
Horregatik, pentsiodunen mugimendutik nabarmendu dutenez, "2025eko irailean ez zegoen argudio politiko edo ekonomikorik Herri Ekimen Legegilea atzera botatzeko, gaur egungo testuinguruan askoz gutxiago". Izan ere, "ez dago inolako justifikaziorik 2025eko urrian eskatutako gure agerraldia atzeratzeko, Gobernantza Publiko, Ekonomia eta Berdintasun batzordeetan".
Horren harira, aurreko ostiralean agerraldiok egitea eskatu zuten berriz. Gutun bana helarazi zieten gainera, egungo Eusko Jaurlaritzan agintzen ari diren Eusko Legebiltzarreko EAJ eta PSE taldeei biltzea galdegiteko. Legebiltzarrean lege bat tramitatzea eskatzen dute, "eskatzen dugun gutxieneko pentsioaren osagarria bermatuko duena, inoiz baino beharrezkoagoa den eskaera baita".
Horrez gain, maiatzaren 7an Gasteizen 11:00etan Bilbo plazatik abiatuko den manifestazioa deitu dute. "Lege bat exijituko dugu EAEko Legebiltzarrean Gutxieneko Pentsioak LGSrekin berdindu daitezen osagarria gauzatzeko".