Nola sortu zenuten zaldilasterketak.eus webgunea?
Jon Arroyo (J.A): Pandemia
garaian hasi ginen proiektuarekin. Ez ginen gehiegi ezagutzen, baina kalean aurkitzen ginen. Ideia komentatu genion elkarri eta pandemiako aisialdia horretarako baliatu genuen.
Zergatik sortu zenuten?
Jon Sanz (J.S): Udako denboraldian hipodromoan zaletuen gehiengoa euskalduna da, baina euskarazko informaziorik edo edukirik ez zegoen. Gure artean pentsatu genuen, ez zela posible zaletuen gehiengoa euskalduna izanik, ez egotea euskarazko informaziorik. Horregatik sortu genuen. Lexiko guztia gaztelaniazkoa zela ikusten genuen, ingelesetik gaztelerara itzultzen zen, eta euskarazkoa ez zen ezaguna. Hiztegitxo txiki bat egin genuen, pixka bat hutsune hori betetzearren.
Euskaraz argitaraturiko bakarra da?
J.A.: Bai, ez dago beste ezer.
Nola izan zen euskarara itzultzea hiztegi hori?
J.S.: Euskaraz existitzen dira hitzak, baina batzuekin kontsulta asko egin behar izan nituen. Hipodromoan erabiltzen diren hitzak gaztelaniazkoak dira, baina egin genuen hiztegitxoak ez du balorerik Euskaltzaindiarentzat. Egunerokoan gure artean erabiltzeko baliogarria da.
Elkarrizketak, albisteak, argazki galeriak... Erraza egiten zaizue hori guztia lortzea?
J.A.: Beno, bai. Zorionez, hirugarren sortzailea argazkilaria da, eta hipodromoan egiten du lan, argazkilari gisa. Bideoak ekoizten ere aritzen da, eta azken finean, horrek ematen dio ukitu berezi bat webguneari.
J.S.: Irudi aldetik oso potentea da. Lasterketen denboraldian, normalean, horien aurretik post luze bat egiten dugu. Bertan, egun horretako lasterketen berri ematen dugu, hau da, analisi moduko bat egiten dugu. Lasterketak amaitzean, kronika txiki bat egiten dugu horien inguruan. Xume samarra da, dugun denboraren araberakoa, gure aisialdian egiten baitugu.
Zaldi lasterketen denboraldian bakarrik egiten duzue jarraipen hori?
J.A.: Hasiera batean, nazioartekoa ere betetzen genuen pixka bat, bai twitterren bai berriekin, baina asteburu honetan hasiko dira lasterketa garrantzitsuak eta urrira arte zaila da hori jarraitzea.
J.S.: Sare sozialetan ere jarraitzen dugu egunerokotasuna, ez bakarrik hemengo hipodromokoa, baizik eta ingurukoena ere. Lehiaketatxo batzuk ere antolatzen ditugu Frantziako lasterketarik ospetsuenean, Paueko neguko denboraldian, eta hogei zale inguruk hartzen dute parte.
Nondik datorkizue zaldi lasterketekiko maitasun hori?
J.A.: Ni jaiotzez Lasartekoa naiz, eta beti joaten ginen hipodromora familiarekin. Osaba batek txikitan asko irakatsi zidan.
J.S.: Ni ere antzeko. Lagun batekin eta haren aitarekin joaten nintzen