Gaur eta bihar ere ekaitz arriskuagatik abisu horian

Noaua Aldizkaria 2026ko maiatzaren 2a

Abisu horian izango gara larunbat eta igande honetan ere, maiatzaren 2an eta 3an, "prezipitazio handiagatik".

Azken egunotan bezala, asteburu amaiera honetan ere ere abisu horian segiko dugu ekaitz arriskuagatik. Euskalmet meteorologia agentziak ohartarazi duenez, prezipitazio handiagatik egongo gara kolore horretako abisuan, larunbat arratsaldeko 14:00etan hasi eta iluntzeko 21:00ak arte. Tarte horretan, "ordubetean 15 l/m² baino gehiago pila daitezke. Zaparrada ertainak eta trumoitsuak egingo ditu, eta zenbait lekutan handiak izan daitezke. Txingorra (1-3 cm) egin dezake eta haize-bolada gogorrak edo oso gogorrak izan daitezke (60-80 km/h)", aipatu meteorologia agentziaren arabera.

Igandean, maiatzaren 3an ere, abisu horian izango gara "prezipitazio handiagatik", igande arratsaldeko 14:00etan hasi eta iluntzeko 21:00ak arte. "Ordubetean 15 l/m² baino gehiago pila daitezke. Zaparrada ertainak eta trumoitsuak egingo ditu, eta zenbait lekutan handiak izan daitezke. Txingorra (1-2 cm) egin dezake eta haize-bolada gogorrak izan daitezke (50-60 km/h)", ohartarazi du Euskalmet-ek.

Egunotarako iragarpena
Giro honekin, larunbat honetan, maiatzaren 2an, Usurbilen "zerua hodeitsu egongo da, goizean hodeiak ugaritu eta oso hodeitsu geratuko da. Zaparrada txiki-ertainak eta trumoitsuak egin ditzake, batez ere egunaren bigarren partean; orduan zenbait tokitan handiak izan daitezke. Txingorra egin dezake. Hego/hego-ekialdeko haize bizia ibiliko da, bolada gogorrekin, eta egunaren lehen partean ekialdean oso gogor batzuekin; arratsaldean indarra galduko du eta ipar-mendebaldera aldatuko da. Ekaitz eremuetan haize bolada gogorrak edo oso gogorrak izan daitezke. Tenperatura maximoetan aldaketarik ez edo gutxi jaitsiko dira", Euskalmet-en arabera.

Bihar, hilaren 3an ere ekaitz arriskua izan dezakegu. "Zerua hodeitsu egongo da. Zaparrada txiki-ertainak egin ditzake, zenbait tokitan trumoitsuak izan daitezke, batez ere egunaren bigarren zatian; orduan zenbait tokitan handiak izan daitezke. Txingorra egin dezake. Haizea ahul eta aldakor ibiliko da; goizean ipar-ekialdeko tarteak izango dira. Erdialdeko orduetan haizea ipar-osagaira aldatzen joango da. Ekaitz eremuetan haize bolada gogorrak edo oso gogorrak izan daitezke. Tenperaturan aldaketarik ez edo gutxi jaitsiko da", berri eman du aipatu meteorologia agentziak.

Aldaketa handirik ez astelehenerako, hilaren 4rako. "Zerua hodeitsu edo oso hodeitsu egongo da. Zaparrada txiki-ertainak egingo ditu, eta zenbait tokitan trumoitsuak izan daitezke. Ipar-osagaiko haize ahul-bizia ibiliko da. Tenperatura jaitsi egingo da: minimoak gutxi eta maximoak nahikoa", Euskalmet-ek jakinarazi duenez.

Informazio eguneratua euskalmet.eus bidez jaso ahalko duzue.