Osasun Publikoaren Aldeko Herri Plataformak

"Herri Plataformok irmoki salatzen dugu Osasun Sailburuak hartutako erabakia"

Noaua Aldizkaria 2026ko maiatzaren 2a

180 egun baino gehiago ebakuntza baten zain direnei eremu pribatuan artatzeko aukera eskainiko zaiela iragarri du egunotan, Eusko Jaurlaritzaren osasun sailburu Alberto Martinezek. Erabaki hori irmoki salatu du ohar bidez, Osasun Publikoaren Aldeko Herri Plataformen Koordinakundeak.

Otsailetik hilero egindako medikuen hirugarren greba aste honetan, Eusko Jaurlaritzaren osasun sailburu Alberto Martinezek egunotan iragarri du "ebakuntza baten zain 180 egun baino gehiago daramatzatenei zentro itunduetan artatzeko aukera eskainiko zaiela". Medikuen grebei egotzi die, azken hilabeteotan itxarote-zerrendan diren paziente kopuruaren handitzea. Bere esanetan, 189 ziren iazko azaroan, 1.794 dira egun.

Osasun sailburuak iragarritako neurria irmoki salatu nahi izan du Osasun Publikoaren Aldeko Herri Plataformen Koordinakundeak. Segidan osorik duzuen ohar bidez jakinarazi duenez, "neurri honek ez du arazoa konpontzen, ez ditu arrazoi estrukturalak lantzen, ez du osasun publikoa indartzen eta, gainera, Eusko Jaurlaritzak urteetan bultzatu duen osasun sistema publikoaren pribatizazio progresiboa are gehiago zabaltzen du".

Ondorioz, "erabaki honek eredu publiko‑pribatu normalizatu bat sendotzen du, urte luzez Osakidetza ahultzen eta baliabideak osasunaren kontura negozioa egiten duten enpresetara bideratzen aritu dena".

Testuinguru honetan, "iragarritako neurria berehala bertan behera uztea, eta pribatizazio‑dinamika amaitzea" galdegin dute aipatu herri plataformek. Horrez gain, "gardentasun osoa" eskatu dute, "kontratuen, zenbatekoen eta deribazio‑irizpideen inguruan". 

"Osakidetza indartzeko premiazko plana" abiaraztea nahi dute eta "benetako negoziazioa" sustatzea "sindikatu guztiekin". Azkenik, "herritarren parte‑hartze eraginkorra" bultza dezatela nahi dute "osasun sistemari buruzko erabakietan. Osasuna eskubidea da, ez negozioa. Herritarrak pribatura bideratzea, zain dauden pertsonen artean bereizketa eginez, bi abiadurako sistema sortzea da eta berdintasun‑printzipioa haustea. Horrek esan nahi du herritarrei esatea beren osasun‑eskubidea negozioaren menpe dagoela, errentagarritasunaren arabera".



Osasun Publikoaren Aldeko Herri Plataformen Koordinakundearen adierazpena

OPA Herri Plataformok irmoki salatzen dugu Osasun Sailburuak hartutako erabakia: 180 egun baino gehiago zain dauden pertsonak ebakuntza pribatura bideratzea. Neurri honek ez du arazoa konpontzen, ez ditu arrazoi estrukturalak lantzen, ez du osasun publikoa indartzen eta, gainera, Eusko Jaurlaritzak urteetan bultzatu duen osasun sistema publikoaren pribatizazio progresiboa are gehiago zabaltzen du.

Erabaki honek eredu publiko‑pribatu normalizatu bat sendotzen du, urte luzez Osakidetza ahultzen eta baliabideak osasunaren kontura negozioa egiten duten enpresetara bideratzen aritu dena.

Deribazio hauek kasu zehatz batzuk arindu ditzakete, baina behin‑behineko adabakiak baino ez dira, eta ez dute ezer konpontzen. Zain‑zerrendak ez dira kanpora ateraz murrizten. Plantillak indartuz, ebakuntza‑aretoak irekiz, baliabide propioetan inbertituz eta sistema sostengatzen duten profesionalak zainduz murrizten dira.

Hori egin ezean, pribatura egiten den deribazio bakoitzarekin bi abiadurako osasun sistema baterantz urrats bat gehiago ematen da: alegia, pribatura joan daitezkeenek bide bat izango dute, eta ezin edo nahi ez dutenek itxaron beharko dute. Honek berdintasun‑printzipioa hausten du, nahiz eta "borondatezkoa" edo "askatasunez aukeratua" dela esan, eta eskubide unibertsal bat pribilegio baldintzatu bihurtzen du.

Neurriak ehunka milioi euro sektore pribatura bideratzea dakar, helburu ekonomikoak dituzten enpresetara, eta ez osasun publikoa indartzera, haren gaitasuna hobetzeko eta kalitatezko zerbitzu unibertsala bermatzeko. Horren ordez, publikoa ahultzen duen eta pribatua justifikatzen duen eredua elikatzen da.

Kezka handiz ikusten dugu nola sailburuak zain‑zerrenden igoera erabiltzen duen eredu hau "saihetsezina" balitz bezala aurkezteko. Zain‑zerrenden igoera ez da bat‑batekoa izan, urteetako murrizketen, ordezkapenik ezaren, prekarietatearen eta planifikazio faltaren ondorio zuzena baizik. Greba medikoa errudun bihurtzea erantzukizunak saihesteko maniobra bat baino ez da.

Bereziki larritzat jotzen dugu sailburuak greba medikoa sistemaren gainbeheraren erruduna dela esatea. Edozein kasutan, kontseilariak bere adierazpen ugaritan babestutako egungo greba korporatiboa ez da kausa, herritarrentzat jasanezina den egoera baten beste ondorio bat baizik. Gaur lehertzen diren arazoak hamarkada bat baino gehiago daramate konpondu gabe.

15 urte baino gehiagotan, Osasun Sailaren arduradunek benetako negoziazioa blokeatu dute plantillarekin. Borondate politiko horren gabeziak zuzenean eragin du lan‑baldintzen okertzean eta profesionalen etengabeko ihesean, sistema publikoa are gehiago ahultzen.
Beste behin ere, sailburuak krisi bat baliatzen du sektore pribatuari mesede egiten dion eta publikoa ahultzen duen ereduan sakontzeko. Estrategia hau ez da berria: kanpora ateratzea eta baliabideak pribatizazioaren norabidean bideratzea osasuna negozio bihurtu nahi duen politika‑ildo baten parte bat da.

Osasun publikoaren defentsan diharduten herri‑plataformen koordinakundeok, OPA Herri Plataformak, honakoak eskatzen ditugu:
1-Iragarritako neurria berehala bertan behera uztea, eta pribatizazio‑dinamika amaitzea.
2-Gardentasun osoa kontratuen, zenbatekoen eta deribazio‑irizpideen inguruan. Herritarrek jakin behar dute zenbat ordainduko den, nori eta zein helburu eta emaitzekin.
3-Osakidetza indartzeko premiazko plana: plantilla handiagoa, lan‑baldintza hobeak eta baliabide propioak zabaltzea, eta, bereziki, Lehen Arreta sendotzea, prebentzio eta komunitate eginkizuna berreskura dezan, funtsezkoa baita osasunaren determinatzaileetan jarduteko eta biztanleriaren osasun-emaitzak hobetzeko.
4-Benetako negoziazioa egitea sindikatu guztiekin; Sailburuak bere eskumenak eta sistemako lan-baldintzekiko zuzeneko erantzukizuna bere gain hartuta.
5-Herritarren parte‑hartze eraginkorra osasun sistemari buruzko erabakietan. Osasuna eskubidea da, ez negozioa. Herritarrak pribatura bideratzea, zain dauden pertsonen artean bereizketa eginez, bi abiadurako sistema sortzea da eta berdintasun‑printzipioa haustea. Horrek esan nahi du herritarrei esatea beren osasun‑eskubidea negozioaren menpe dagoela, errentagarritasunaren arabera.

Arreta duin eta unibertsala bermatzeko bide bakarra osasun publikoa indartzea da, ez ahultzea.

Osasuna ezin da pribatura joateko prest egotearen araberakoa izan. Osasuna eskubide kolektiboa da, ez negozioa. Eta gaur, inoiz baino gehiago, osasun publikoa defendatzeak esan nahi du berdintasuna, justizia soziala eta gure osasun sistema publikoaren etorkizuna defendatzea.

OPA Herri Plataformak mobilizatzen, informatzen, antolatzen eta publikoa ahultzen duen eta negozio pribatua indartzen duen urrats oro salatzen jarraituko du.