San Ixidro Eguneko bazkaritarako txartelak eskuragarri

Noaua Aldizkaria 2026ko maiatzaren 2a

Maiatzaren 15erako, Alkartasuna Usurbilgo Baserritarren Kooperatibak antolaturiko ospakizun goiza Patri jatetxean borobilduko dute.

Ospakizun giro betean murgiltzera goaz maiatzean sartzearekin batera. Urte askotako ohiturak berritzeko tartea izango da, besteak beste. Izan ere, maiatzaren 24rako iragarri du 43. Sagardo Eguna, hitzordua prestatzen ari den Usurbilgo Sagardo Egunaren Lagunak taldeak.

Lehenago, egun finkoa izan ohi duen San Ixidro ospatuko da, maiatzaren 15ean, aurtengoan ostiralarekin egingo dena. Goiz parterako ekitaldi sorta antolatu du Alkartasuna Usurbilgo Baserritarren Kooperatibak. Ez da faltako, trikiti doinurik ezta jan-edanik ere, zerbitzatuko duten hamaiketako goxoaren bidez. Ane Labaka eta Beñat Gaztelumendi bertsotan ariko dira.

Horrez gain, urtero herri kiroletako erakustaldiren bat antolatu ohi dute. Aurtengoan herritarrak izango dira protagonistak; zehazkiago esanda, lau herrikide; Iurgi Mendiluze, Imanol Zaldua, Gabriel Sarasola eta Iñaki Portularrume. Laurak giza proban lehiatuko dira binaka.

Goiza, bertsoek eta trikiti doinuek giroturiko bazkaritan amaituko dute aurten, ospakizunen eremu ondoan, Patri jatetxean. Otordurako txartelak eskuragarri izango dituzue aipatu jatetxean bertan nahiz Alkartasuna kooperatiban.


San Ixidro Eguna
Maiatzak 15, ostirala
10:00
Esnadeia herrrian zehar Ostolaza eta Larrañagarekin.
11:30 Hamaiketako herrikoia plazan.
12:00 Bertsolariak: Ane Labaka eta Beñat Gaztelumendi 
12:30 Giza proba binaka: Iurgi Mendiluze, Imanol Zaldua, Gabriel Sarasola eta Iñaki Portularrume.
14:30 Bertso-trikiti bazkaria Patri jatetxean (bazkarirako txartelak salgai Patri eta Alkartasunan).

Antolatzailea: Alkartasuna Usurbilgo Baserritarren Kooperatiba.
Laguntzailea: Usurbilgo Udala.