Deialdi hirukoitza egin du Usurbilgo EH Bilduk datorren ostiralerako, maiatzaren 8rako hain zuzen. Izan ere, hitzordu bikoitza antolatu du arratsaldeko 19:00etarako, Puntapax kalean 6ko lokalean. Izan ere, aurrerantzean bertan izango den Usurbilgo Bilgunea inauguratuko dute.
Hitzordu hori baliatuko du koalizioak berritua duen mahai politikoa aurkezteko. "Gaztetasuna eta esperientzia uztartzen dituzten zazpi kidek osatzen dute", ohar bidez Usurbilgo EH Bildutik jakinarazi dutenez. "2025eko otsailaren 9an Iruñean egin zen EH Bilduren III. Kongresuan alderdiaren egiturak berritu ostean" eman dute urrats hori udalerri honetan ere.
Honako herrikideok osatuko dute aipatu mahai politikoa, koaliziotik aurreratu dutenez: Aritz Aranburuk, Lur Etxeberriak, Kristina Bernalek, Oihan Errekondok, Xuban Zubiriak, Agurtzane Solaberrieta alkateak, Ander Mangasek, Amaia Añorgak, Luken Arkarazok eta Aitor Zabaletak. Manex Zubiria izango da mahai horretako arduradun politikoa.
Talde berrituaren aurkezpen ekitaldian izango da Gipuzkoako EH Bilduren ordezkari bat.
Afaria
Azkenik, arratsaldea borobiltzeko afaria antolatu dute Aitzaga elkartean. Otordurako txartelak Aitzaga tabernan bertan eskuratu ahalko dira 20 eurotan, ikasleek eta langabetuek 12 euroren truke. Afalostean, "historia kantari" musika emanaldia programatu dute.
"Usurbilen bat egin lelopean, EH Bilduko komunitateko kideak bertan parte hartzera" gonbidatu dituzte.