Andatza Egunarekin hasita ospakizun errotuen maiatza datorkigu, bestelako ezohiko hitzorduen artean

Noaua Aldizkaria 2026ko maiatzaren 2a

Ospakizunak, solasaldiak, kirol hitzorduak... Askotariko ekintzak izango ditugu abiatu berri dugun maiatzean.

Nabarmentzekoen artean ditugu, udalerri honetako herri bizitzan sustraituak dauden hainbat hitzordu; hasteko, igande honetan bertan, maiatzaren 3an izango den Andatza Eguna. Bat baino gehiago igoko dira babesleku inguruan izango den urteroko topalekura. Ez da jan-edanik faltako. Zirimarak familia-plana antolatu du herriko familia ororentzat. 9:30etan abiatuko dira San Estebango plazatik.

Andatza Egunaz gain, beste bi ospakizun egun finko izaten ditu Usurbilek maiatzean; hilaren 15ean San Ixidro Eguna ospatuko da frontoian eta Dema plazan, hamaiketako goxoarekin. Ane Labaka eta Beñat Gaztelumendi bertsotan arituko dira eta lau herrikide giza proban lehiatuko dira.

San Ixidro Egunarekin batera, ezin ahaztu Sagardo Egunaz ere. 43. edizioa maiatzaren 24an ospatuko da. Ohi bezala, baserriko zein sagardotegietako sagardoa dastatzeko aukera izango da goiz partean, elektrotxaranga arratsaldean...

Ospakizunen tartearekin segita, Ugartondoko Txirikorda belaunaldiarteko etxebizitza komunitarioaren jaia. Bi urte igaro dira jada bizilagunak bertan direnetik eta herriarekin ospatuko dute hilaren 16an urteurren hori.

2025-26 ikasturtea azken txanpara heltzear den honetan, azkenik, Udaberri Festari ekingo dio Zubietako eskolako guraso elkarteak hilabete amaieran.

Heriotzaz
Solasaldi zenbait ere antolatu dira hilabete honetarako. Apirilaren 15ean, "komunitatetik, heriotzaz" jarduteko Usurbilgo Udalak eragile gehiagorekin hasitako zikloari segida emango zaio hilabete honetan, beste bi hitzaldirekin; hilaren 7an, herrikide zenbaitek haien lekukotza eskainiko dute, "heriotzak gaztetasuna kolpatzen duenean: agur kolektiboak eta komunitatearen babesa” izeneko saioan. Hilaren 28an, "zaintza paliatiboak: bizitzari azken arnasaraino laguntzen" izenekoa programatu dute.

Sutegi udal liburutegiak ere irakurketa-solasaldia antolatu du hilaren 5ean, 10 urtetik gorako haur eta gaztetxoentzat. Mariasun Landaren 'Txan Fantasma' liburuaz ariko dira. Horrez gain, Mireia Delgadoren ipuin kontaketa saioa edota Ana Merinok bideraturiko idazketa tailerra ere antolatu dute.

“Zainetatik Zilarra”
Kultur ekitaldi bikoitza antolatu du Aginagako Eliza Zaharra Kulturguneak, Ipar Euskal Herriarekin bat egingo duen Kultur Astean; Aginaga bere baitan hartua duen "Züek Heben" Euskal Herriko Atlas Geopoetikoa erakusketa batetik, eta Jurgi Ekizaren "Argitzala" emanaldia bestetik.

Sutegira itzulita, Nagusilan Zuentzat antzerki taldea gonbidatu du Gure Pakea elkarteak haien antzezlan bat eskaintzeko, hilaren 27an.

Azkenik, Iñurri elkarteak bilguneko kide Nahia Intxaustik argitaraturiko “Zainetatik Zilarra” poema bilduman oinarrituta, poema errezitaldi musikatua eskainiko da Sutegin hilaren 10ean.


Udarregiren omeneko eskulturak eta Rikardo Arregiren hitzaldiak 60 urte
Urteurren bat ere gogora ekarriko du herri honek hilabete honetan. Maiatzaren 22an 60 urte beteko dira Udarregi bertsolariaren omenezko Remigio Mendibururen frontoi atzeko eskultura inauguratu zenetik. Ekitaldi hartan, Rikardo Arregik eskainitako hitzaldi gogoangarritik.

Urtemuga horren testuinguruan, bi hitzordu antolatu dituzte 650 Usurbil Bizi herri egitasmoak eta NOAUA! Kultur Elkarteak; "euskararen eta artearen Usurbil: Rikardo Arregiren oihartzuna, 60 urte geroago" izenburupean. Hilaren 15ean, Oskar Alegriaren “Oteiza 14 apostolu” filma proiektatuko da eta, ondoren, solasaldia egingo da Sutegin.

Hilaren 22an, Arregiren hitzaldi gogoangarria oinarri hartuta Maluta Filmsek ekoitzitako "Zutik" film laburra proiektatuko da Sutegin. Segidan, solasaldia egingo da eta amaieran, Udarregiren omenezko eskulturara joan eta Maialen Lujanbio zein Jakoba Errekondo partaide izango dituen amaierarekin borobilduko dute zikloa. 


Pilota eta eskubaloia
Kirol hitzordu hainbat ere izango ditugu hilabete honetan; hala nola, Usurbil K.E.-ko kadete mutilen taldeak Euskal Ligarako igoera fasea jokatuko du Oiardo kiroldegian eta Espainiako txapelketa Iruñean. Emakume Master Cup Usurbilgo frontoian jokatuko da baita. Emakume pilotari profesionalen neurketak izango ditugu hilaren 17an. Egun berean, Itzulia Women txirrindulari lasterketak udalerri hau zeharkatuko du, Donostian hasi eta amaituko den hirugarren eta azken etaparen baitan.


Bilerak, formazio saioak...
Hainbat bilkura ere ekarriko ditu hilabete honek; horien artean, Usurbilgo zaintza ekosistemako lantaldeak "elkarren berri izan, iritziak trukatu eta aurrera begirako ekarpenak egiteko" saioa deitu du hilaren 21ean. 

Astebete lehenago, jaietako eraso matxistei aurre egiteko protokoloaz formazio saioa eskainiko da.

Asteotan izango dugunari buruzko informazio gehiago, web orrialde honetako "Agenda" atalean jaso ahalko duzue.

Sarrerak behar dituzten ekitaldietarako lekua, bestalde, usurbilkultura.eus plataforman hartu ahalko duzue.