Ekaitz arriskuagatik, gauerdira arte abisu horian

Noaua Aldizkaria 2026ko maiatzaren 3a

Igande gauerdira arte luzatu dute, ekaitz arriskua tarteko, gaur 14:00etan hasita indarrean izango den abisu horia.

Larunbatean bezalaxe, gaur ere abisu horian izango gara ekaitz arriskuagatik, ez, ordea, iragarri moduan 14:00eta hasi eta iluntzeko 21:00ak arte. Izan ere, gauerdira arte luzatu dute epealdi hori, Euskalmet meteorologia agentziak ohartarazi duenez.

Hamar orduko tarte horretan, prezipitazio handiagatik aurreikusitako abisu hori horren eraginez, "ordubetean 15 l/m² baino gehiago pila daitezke. Zaparrada ertainak eta trumoitsuak egingo ditu, eta zenbait lekutan handiak izan daitezke. Txingorra (1-2 cm) egin dezake eta haize-bolada gogorrak izan daitezke (50-60 km/h)".

Egunotarako iragarpena
Honenbestez, igande honetan, maiatzaren 3an, Euskalmet-en arabera, "zerua tarteka hodeitsu egongo da; arratsaldean hodeiak ugaritu eta gauean oso hodeitsu geratuko da. Egunaren lehen partean zaparrada txikiak egin ditzake han-hemenka; bigarrenean zaparrada txiki-ertainak egingo ditu, zenbait tokitan trumoitsuak, baliteke zenbait tokitan handiak izatea. Txingorra egin dezake. Haizea ahul eta aldakor ibiliko da; goizean hego-ekialdetik finkatuko da, ahul-bizi, bolada gogor batzuekin. Erdialdeko orduetan ipar-osagaira aldatzen joango da. Ekaitz eremuetan haize bolada gogorrak izan daitezke. Tenperatura maximoetan aldaketarik ez edo gutxi jaitsiko dira".

Astelehenean ere antzeko giroa izango dugu. "Zerua oso hodeitsu egongo da, bereziki egunaren lehen partean. Zaparrada txiki-ertainak egingo ditu, eta zenbait tokitan trumoitsuak izan daitezke. Ipar/ipar-mendebaldeko haize ahul-bizia ibiliko da, bolada gogor batzuekin. Tenperatura jaitsi egingo da: minimoak gutxi eta maximoak nahikoa", aipatu metorologia agentziak jakinarazi duenez.

Asteartean, hilaren 5ean ere aldaketarik ez. "Zerua hodeitsu egongo da, tarteka oso hodeitsu. Zaparrada txiki-ertainak egin ditzake, eta noizean behin trumoitsuak izan daitezke. Mendebal ipar-mendebaldeko haize ahul-bizia ibiliko da, bolada gogor batzuekin. Tenperatura minimoak gutxi jaitsiko dira eta maximoetan aldaketarik ez", Euskalmet-ek iragarritakoaren arabera.

Informazio eguneratua euskalmet.eus bidez jaso ahalko duzue.