Gogoan izango duzuenez, NOAUA! Kultur Elkarteak bat egin zuen beste behin, 24. Korrikak omendutako Errigoraren udaberri hasierako "Eskuz Esku" kanpainarekin. Martxoaren 18ra arte eska zitezkeen Nafarroa erdialdean eta hegoaldean ekoitzitako produktuak. Hala eginda, erosketa horien irabazien laurdena eremu horietako euskalgintza laguntzera bideratuko da.
Kanpaina horretan eskaturiko produktuen banaketa egiteko garaia heldu da. Ostiral eta larunbat honetan, maiatzaren 8an (16:30-19:30) eta 9an (09:30-12:30) hurrenez hurren, egingo du kultur elkarte honek; iaz bezala, Udarregi ikastolako eraikin gorriko erdiko aretoan.
Hobaria, bazkidetzaren truke
NOAUA! Kultur Elkarteari lotutak ohar gehiago, kasu honetan, iazko errenta aitortzeke duzuenontzat. Izan ere, NOAUA! K.E.-ren bazkide izateak hainbat onura ditu; horien artean, iazko errenta aitortzeko garaia heldu den honetan, bazkidetzagatik hobaria jasotzeko aukera. Gogoan izan, NOAUA! K.E.-ko kide izanda, elkartearen erabakietan eskuhartzeko eskubidea izango duzue, beherapenak elkarte honek antolaturiko ekitaldietan, hobaria errenta aitorpenean aipatu moduan, eta garrantzitsuena, egitasmo hau babestu eta bultzada emango diozue.
Bazkidetza kultur elkarteko egoitzan bideratu dezakezue edota web orrialde honetan bertan, noaua.eus/bazkidetu/ atalean hain zuzen.
30 urte
Hiru hamarkadako ibilbidea osatu du kultur elkarte honek. Maiatza honetan beteko dira 30 urte hain zuzen, 0. alea argitaratu zuenetik. 1996. urteko maiatzeko Sagardo Egunaren bueltan izan zen. Urtemuga hau ez da oharkabean igaroko. Hilabeteotan, xehetasun gehiago.