Usurbilgo jaiak

Jaiei ekiteko hautagaiak proposatu eta egitaraua diseinatzeko lanak aurkezteko aukera

Noaua Aldizkaria 2026ko maiatzaren 5a

Uztailaren 1etik 5era ospatuko diren herriko jaiei hasiera nork edo nortzuk ematea nahi duzuen erabakitzeko aukera duzue jada, baita egitaraua diseinatzeko sorkuntza lanak ere. Bi deialdiotan parte hartzeko maiatzaren 19ra arteko epealdia dute interesdunek.

"Nork bota beharko luke aurtengo Santixabeletako txupinazoa, zure ustez?". Galdera horri erantzuteko aukera duzue jada maiatzaren 19ra arte.

Bi hilabete baino gutxiago geratzen dira, besterik ez, Usurbil jai giro betean murgiltzeko. Aurtengoak, uztailaren 1etik 5era ospatuko ditugu. Jai batzordea otsailean hasi zen prestaketa lanak bideratzeko bilerekin. Ordutik, antolakuntzan nahiz ekarpenak egiten parte hartu nahi duten herri eragileen zein norbanakoen bilgunea festa egunak zenbat eta noiz izango diren zehazteaz gain, ekimenak proposatu eta egitaraua osatzen aritu da.

Xehetasunok lotzen segitzen duten artean, Usurbilgo jai batzordeak beste urrats bat eman du orain. Izan ere, festei hasiera nork edo nortzuk eman erabakitzeko nahiz egitarauaren diseinua hautatzeko deialdiak plazaratu ditu. Deialdiotan parte hartzeko epealdia zabalik duzue jada maiatzaren 19ra arte.

Jaien hasiera
Herriko festak abiarazteko txupinazoa nork edo nortzuk jaurti, herritarrek erabaki ahalko dute beste urte batez. Jai batzordetik bi bide finkatu dituzte ekarpenak egiteko. Batetik, telematikoki aurkeztu ahalko dira, kultura@usurbil.eus helbidean. Bestela, presentzialki jai batzordeak udal instalakuntza zenbaitetan jarritako kutxetan sartu ahalko dira. Guneotan dituzue: udaletxean, liburutegian, kiroldegian eta Potxoenean. Modu batean zein bestean, zuen hautagaia edo hautagaiak nortzuk diren zehaztu beharko duzue, baita zergatia ere.

Gogoan izan, iaz 40. urteurrena zuten Zumarte Musika Eskolako eta Ziortza Gazte Elkarteko kideek izan zuten festei ekiteko ohorea. Aurreko urteetan herritarrok:

Usurbilgo jaiei hasiera emandakoak
2002 Iñaki Urkia.
2003 Egin eta Egunkariako langileak.
2004 Alustiza.
2005 Amaia Zubiria.
2006 Antzerki taldea.
2007 Amador Granados.
2008 Juan Mari Torrealdai eta Olatz Altuna.
2009 Eskubaloi eta Judo taldekoak.
2010 Helduen danborradako kideak.
2011 Usurbil Zero Zabor.
2012 Atzegiko kideak.
2013 DYAko kideak.
2014 Eskubaloiko nesken taldea.
2015 Kilometroak.
2016 Dantza taldea.
2017 Hurbilago.
2018 Gaztainak erretzen ibiltzen den koadrila.
2019 Esther Arrojeria eta Estitxu Berasategi.
2022 Odol-emaileen elkartea.
2023 Gazte mugimendua.
2024 Adineko emakume zaintzaileak.
2025 40 urte betetako Ziortza Gazte Elkartea eta Zumarte Musika Eskola.
2026 ?.



Egitaraua diseinatzeko lehiaketa
Txupinazoa nork jaurtiko duen erabakitzeko proposamenak jasotzeko deialdiaz gain, Usurbilgo jaietako egitaraua diseinatzeko lehiaketa ere antolatu du aurtengoan Udalak eta jai batzordeak. Sorkuntza lanak aurkezteko epealdia, maiatzaren 19ra arte izango du zabalik. "Parte hartzaileek lehiaketaren oinarriak udalean eskatu behar dituzte, eta lanak udaleko harreran aurkeztu behar dira".

Unai Lopez Collantesena izan zen, iazko egitarau lehiaketako diseinu irabazlea. Aurtengo saridunak, ehun euro gehiago irabaziko ditu. Iazko ediziora arte, 500 eurokoa zen ordainsaria, 600 eurokoa izango da aurten. Horrekin batera, antolatzaileek jakinarazi dutenez, hasieratik diseinatu beharko dute parte hartzaileek euskara hutseko bertsioa eta elebiduna.

Lehiaketaren oinarriak eskuratzeko bideok izango dituzue:
kultura@usurbil.eus
943 371 999
usurbilkultura.eus

Egitarau diseinu lehiaketaren oinarriak
Lehiaketaren izaera: publikoa eta irekia.
Nori zuzendua: norbanakoak zein taldeak aurkeztu daitezke. Taldeen kasuan kide bat izendatuko da lanaren arduradun.
Lanaren ezaugarriak:
-Originala, argitaratu gabea, beste lehiaketetan parte hartu gabea izan beharko du.
-Nahi adina lan aurkeztu daitezke.
-Egitaraua bere testuan oinarritu beharko da, Potxoenean edo kultura@usurbil.eus helbide bidez eskuratu beharko da. Usurbilgo Udalak adierazitako logoak jaso beharko ditu.
-Egitarauaren bi bertsio aurkeztu behar dira: euskarazkoa eta elebiduna. Elebiduna A4 formatuan aurkeztu beharko da: alde batean euskarazkoa eta bestean gaztelaniazkoa. Elebidunean, euskarazko testua nabarmendu egin behar da, adibidez, letra-tamaina handiagoa jarrita...
-Euskarazko lanaren neurria librea izango da.
Saria: 600 euro.
Lanen aurkezpena:
-Nola: euskarri digitalean (pendrive batean eta pdf formatuan) eta paperean.
-Proposamen bakoitzeko bi kartazal aurkeztuko dira (bakoitzean kanpoaldean egilearen izengoitia, A edo B kartazala den eta Santixabel egitarauaren lehiaketa adierazi beharko da):
A kartazala: aurkezleari buruzko datuak bilduko dira: izen-abizenak edo taldearen izena, IFZ/IFK,
helbidea, telefonoa, helbide elektronikoa eta hura identifikatzeko behar den beste edozein datu.
B kartazala: diseinuak (euskarazkoa eta elebiduna), euskarri digitalean eta paperean.
-Epea: maiatzaren 19a baino lehen.
-Non: maiatzaren 19a baino lehen erregistratu beharko da udal erregistroan edo postaz udaletxera helarazi beharko da (Usurbilgo Udala / Kultura Saila / Joxe Martin Sagardia z.g. 20170 Usurbil). Lana postaz bidalitako egunean, posta-bulegoan bidalitako data justifikatu beharko da eta egun berean emaila bidali beharko da kultura@usurbil.eus helbidera.
Oharrak:
-Lan irabazlea aukeratzerakoan, epaimahaiak kontuan izango du lana inprimatzeak izango duen
kostua. Inprimaketa kostuak, beti ere, bat etorri behar du udalak aurreikusita duen aurrekontuarekin. Gehiegizko gastua lana baztertzeko arrazoia izan liteke.
-Kartazaletan eta B kartazaleko dokumentazioan izengoitia ez den beste izenik erabiltzen bada identifikatzeko, eta izen horrek parte-hartzailea zein den jakiteko bidea ematen badu, parte hartzaile hori lehiaketatik kanpo geldituko da.
-Aurkeztutako lanetan hizkuntza eta irudien erabilera ez sexista bermatu behar da. Pertsonen irudiak erabiltzekotan, emakumeen eta gizonen presentzia modu orekatuan eta ez estereotipatuan islatu behar da. Izan ere, emakumezkoak eta gizonezkoak neurri berean ekintzaile eta protagonista modura agertu behar dira, 1/2023 Dekretuak, emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legeak agintzen duen modura.
-Saria eman gabe geratu ahal izango da, baldin eta aurkeztutako lanek ez badute behar besteko
kalitaterik.
-Lanaren jatorrizko diseinuak inprimatzerakoan, aldaketaren bat izan lezake. Irabazleak, egitarauko azken aldaketak egin beharko ditu inprentara eraman aurretik.
-Hautatutako diseinuaren egileak Usurbilgo Udalari lagatzen dizkio ustiapen eskubideak. Lehiaketara aurkeztutako lanekin Udalak erakusketa bat egin lezake.
-Lehiaketan parte hartzeak ezinbestean dakar oinarri hauek onartzea.

Informazio gehiago:
usurbilkultura.eus
kultura@usurbil.eus
943 371 999