Ta Puntu, zein da zuen jarduna eta zer egiten duzue zuen egunerokoan?
Hamar urte daramatzagu, eta zeharo aldatuz joan da. Gaur gaurkoz, hiru eskaintza ditugu. Lehenengoa, komunikazio estrategikoa da; hau da, proiektu baten bidelagun izatea eskaintzen dugu: pentsatu nola komunikatu dezakeen behar duen helburu hori lortzeko, eta horren barruan, badaude ikus-entzunezkoak, webguneak, euskarri fisikoak eta kanpaina batek behar dituen gauza horiek guztiak diseinatu eta egiten ditugu.
Bigarren esparrua formazioa da, eta bidelaguntza bat bezala ulertzen dugu. Enpresekin egoten gara, eta saiatzen gara haiek ahalduntzen hainbat gauzetan, normalean komunikazioaren munduan dauden alorretan, baina denetarik ematen dugu. Askotan tutore gisa jokatzen dugu, eta prozesu batean laguntzen diegu.
Eta hirugarrena, interkooperazioa da, eta justu horretan oinarritzen da Beterri-Saretuzen partaidetza. Interkooperazioa da sinesten dugula besteekin proiektuak egin eta sortu ditzakegula. Gure balio berdinak partekatzen dituzten beste proiektu batzuekin elkartzen gara, eta proiektuak sortzen ditugu, nolabait, gizartean edo lurraldean eragin positibo bat izan dezaketenak.
Nola islatzen dituzue Ekonomia Sozial Eraldatzaileak zuen eguneroko praktikan?
Ekonomia Sozial Eraldatzaileak balio pilo bat ditu: interkooperazioa, erantzukidetasun soziala, lurralde garapena, parekidetasuna, parte hartzea, euskara, inklusioa eta taldearen zaintza. Oso gai potoloak dira, baina egia da praktikan tatuatuak izango bagenitu gisan dela. Gure balioak dira. Hasieratik sinistu dugu ondokoa ez dela lehiakidea, ondokoarekin elkartu gaitezkeela. Horrek bakardadetik ateratzen gaitu. Badirudi enpresak lehian daudela, baina batzuetan ez. Batzuetan beste enpresa batekin elkartuta proiektu hobeak egin daitezke, eta hori da funtsean. Ekonomia ez dago zentroan eta pertsonak garrantzitsuagoak dira, pertsonen ongizatea eta pertsona gisa zaindua izatea. Orduan, hori praktikan jartzen saiatzen gara. Saiatzen gara esaten dut, teorian gauza bat delako eta praktikan jartzea zailagoa da. Eredu oso kapitalista eta bertikalean bizi gara, eta gu dena horizontalagoa egiten saiatzen gara.
Formakuntzetan gazteei beste enpresa eredu batzuk daudela erakutsi nahi diegu, eta ez dutela SL batera joan behar.
Zer ematen diozue zuek Beterri Saretuzi?
Elkartu egiten gara, eta elkartze horretan urtero erabakiak hartzen dira. Elkar entzun, proiektu desberdinak elkarrekin planifikatu, ikasteko esperientziak eragin, gure balioak praktikan jartzeko, eskualdean eragiteko. Orduan, urtero erabakiak hartzen ditugu horiek aurrera eramateko.
Eta sareak zuei zer ematen dizue?
Guri sareak komunitate bat ematen digu. Komunitate baten parte gara, ez gaude bakarrik, ez gara ardi beltzak eta gure balioak dituzten beste batzuk badaude eta haiekin eragin dezakegu, lurraldea egin eta beste mota batzuetako proiektuak aurrera atera daitezkeela eta horretan sinistea.
Etorkizunera begira, zein erronka edo zein aukera ikusten dituzue?
Gure erronka balio horiek ditugunak gehiago izatea da, jende gehiagok ezagutzea hau errealitate bat dela eta posible dela jakitea.
Beterri Saretuz sarearen baitan kokatzen zarete. Zer helbururekin sortu zen?
Beterri Saretuz eskualdeko enpresa, kooperatiba eta eragile ezberdinek osatutako elkarlan-sarea da. Helburua da tokiko garapen ekonomiko eta soziala ikuspegi eraldatzaile batetik sustatzea, Ekonomia Sozial Eraldatzailea oinarri hartuta. Hau da, jarduera ekonomikoa pertsonen eta komunitatearen zerbitzura jartzea, eta elkarlanean oinarritutako lurralde eredu bat indartzea.
Beterri Saretuz
Beterri Saretuz-ek eskualdean Ekonomia Sozial Eraldatzailea oinarri duten eragileak ikusarazten jarraituko du datozen hilabeteetan, hedabide lokalen bidez eta elkarrizketa sorta honen bitartez. Helburua argia da: bertan badagoela bestelako ekonomia eredu bat erakustea, eta komunitatearekin lotura estuan diharduten proiektuak ezagutaraztea.