Iazko Kontu Orokorra jendaurrean

Noaua Aldizkaria 2026ko maiatzaren 5a

2025eko Kontu Orokorra hasieraz onartu eta jendaurrean izango da hamabost lanegunez, Usurbilgo Udalak jakinarazi duenez.

Usurbilgo Udalak astearte honetako, maiatzaren 5eko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren bidez jakinarazi duenez, 2025eko Kontu Orokorra onartu du hasieraz Usurbilgo Udaleko Kontuen Batzorde Bereziak. Hala egin zuen, iragan apirilaren 22ko bilkuran. Hitzordu hartan, "bere oniritzia eman zion 2025 ekitaldiko Kontu Orokorrari". Horren ostean, jendaurrean jartzea egokitzen denez, "indarrean dagoen araudiak ezarritakoa betez, jendaurreko erakusketara jarri da, hamabost lanegunez, Kontu-hartzailetzako bulegoetan". 

Aipatu gaurko iragarkiaren arabera, "epe horretan interesatuek erreklamazioak, erreparoak zein oharrak aurkeztu ahal izango dituzte udaletxeko erregistro nagusian, bulego orduetan!". Horren ostean, "Batzorde Bereziak, horiek aztertu eta beharrezko diren egiaztatzeak egin ondoren, berriro ere beste txosten bat egingo du". Halere, tarte horretan inolako erreklamaziorik aurkeztuko ez balitz, "hasieran emandako aldeko iritzia behin betikoa bihurtuko da".