"Zainetatik zilarra" argitalpena zuzeneko emanaldira dakar Iñurri elkarteak igandean

Noaua Aldizkaria 2026ko maiatzaren 6a

Nahia Intxaustiren minbizi prozesua islatzen duen "Zainetatik Zilarra" poema liburuan oinarrituriko zuzeneko emanaldia antolatu du Iñurri elkarteak igande honetan, maiatzaren 10ean Sutegin.

"Noiz konturatzen gara bizirik gaudela? Gorputza eritasunarekin iratzarri al daiteke? Norbere gorputza biziberritzeko zeharkaldian izandako enkontru eta desenkontruak" biltzen ditu Nahia Intxaustiren "Zainetatik zilarra" poema liburuak.  Ernestina de Champouricn Poesia Saria jaso zuen sorkuntza lana "ondokoen babesarekin norbera biltzera egiten den bidaia bat da, baina, halaber, piztia bihurtzeko keinua ere bada, gaixotasunaren ikusezintasuna, eta gorputzekiko presio soziala eta kontrola borrokatzeko kanporantz irekitzen den kontakizun partekatu eta errebeldea".

EHU-ko Didaktika eta Eskola Antolakuntza Departamentuko irakaslea den Intxaustik liburu hau bere minbizi prozesuan zehar idatzitakoa da. Bilduma horretatik poema batzuk Sutegiko auditoriora ekarriko ditu igande honetan, maiatzaren 10ean, arratsaldeko 18:30etan. Hitzordu horretan, "zuzeneko musikaren eta libururako espreski egindako argazkilarien laguntza izango du. Nola ez, taula gainean Iñurrien presentzia ere egongo da". Izan ere, hitzordua Usurbilen egoitza duen Iñurri elkarteak antolatu du. Gogoan izan, "minbiziaren akonpainamendu eta dibulgazioan ikuspegi feminista batetik eta kolektiboki" diharduen elkartea da Iñurri. 

Urtean zehar antolaturiko dinamiken baitan dago igandeko ekitaldia, baita iraileko Iñurri Eguna ere, besteak beste. Aurten, aurretik, ekainerako "Komunitatetik, Heriotzaz" zikloan parte hartuko du baita aipatu elkarteak. “Heriotzaren aurrean” izeneko zuzeneko podcasta eskainiko dute Sutegin.

Iñurri elkartekoen hurrengo hitzorduak
Maiatzak 10, igandea
18:30 "Zainetatik Zilarra" zuzenekoa Sutegiko auditorioan.
Parte hartzaileak:
-Poemak : Nahia Intxausti
-Musika : Asier Olabarrieta (gitarra); Nerea Gil (ahotsa); Jesus Jimenes (klarinetea)
-Argazkiak : Jabi Cruz eta Mikel Elorza
-Iñurriak : Nahia Intxausti, Elenita Guinea, Maoxe, Eli Bergaretxe eta Mari Seara.
Gonbidapenak: izaninurri.eus bidez jaso ahalko dira.

Ekainak 11, osteguna
18:00 Zuzeneko podcasta, Iñurri elkartearen eskutik: “Heriotzaren aurrean” Sutegiko auditorioan.
Zehaztasunak: "Zer pasatzen da bat-batean zure aurrean egurrezko kutxa ikusten duzunean? Zer pasatzen da burutik minbizi hitza esaten dizutenean? Edo hobe esanda, metastasiaz ari direnean? Zuzeneko podcast honetan parte hartuko dutenek badakite zer den heriotzarekin aurrez aurre topatzea. Eider Casanova iñurriaren gidaritzapean arituko dira Eli Bergaretxe, Ana Jimenez eta Beñat Iraola. Bakoitza bere lekutik, baina denak heriotzaz garden hitz egiten: oso gazte metastasia diagnostikatzen dizutenean, ume txikiak izanda zure heriotza gertu ikusten duzunean edo seme bezala amari agur esatea tokatzen zaizunean. Hori guztiaz eta askoz gehiagoz hitz egiteko aukera izango da, espazio seguru eta taburik gabeko honetan".

Sarrerak: gonbidapenak aurrez eskuragarri, usurbilkultura.eus plataforman.
Antolatzailea: Usurbilgo Udala.
Laguntzaileak: Bidegin, Iñurri, Hil Arte Bizi, Matia.