"Pentsiodunen beste aldabada indartsu bat eman behar dugu"

Noaua Aldizkaria 2026ko maiatzaren 6a

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak mobilizatzeko deia egin du, gutxieneko pentsioen osagarria Lanbidearteko Gutxieneko Soldataraino onartzea galdegiteko.

Ostegunean, maiatzaren 7an manifestatzera deitu du Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak Gasteizen. "Beste protesta-mobilizazio garrantzitsu bat izango da, duela urte batzuetatik egiten ari garenekin bat egiteko", deitzaileen esanetan. Hitzordu horren bidez, Eusko Jaurlaritzari eta Eusko Legebiltzarrari gogorarazi nahi diote, "ezin dela gehiago atzeratu gutxieneko pentsioen osagarria Lanbidearteko Gutxieneko Soldataraino onartzeko konpromisoa, are gehiago, bizitzaren kostuaren garestitze handi baten aurrean gaudenean".

Ildo horretan, aipatu herri mugimenduaren esanetan, "EAJ-PSEren koalizio-gobernuak eta kontrolatzen duten parlamentuaren gehiengoak eskaera horri kasu egingo diote, soilik, gizartearen erantzun indartsu batekin topo egiten badute". Horregatik, mobilizatzera deitu dute. "Pentsiodunen beste aldabada indartsu bat eman behar dugu Gasteizko kaleetan".

Koefiziente murriztaileak ezabatzeko eskaera
Beste bi kontu ere zabaldu ditu aipatu herri mugimenduak Gasteizko mobilizazioaren bezperatan; batetik, azaroaren 13an Madrilgo Diputatuen Kongresuak aho batez onarturiko mozioa, Espainiako Gobernuari 40 urtez kotizatu dutenei erretiro garaian edo etapa horretan murgiltzear direnei "koefiziente murriztaileak ez aplikatzeko beharrezkoak diren lege-erreformak bultzatzea" eskatzeko. Horri lotutako legea garatzeke dagoen honetan, pentsiodunen mugimenduaren ustez, "hainbeste urtetan bidegabekeria jasan ondoren, zigor horiek ezabatu" egin behar dira. Gogorarazi dutenez, Espainiako Gobernuak berak kaleratutako datuen arabera, "Gizarte Segurantzak 3.172 milioi euro baino gehiagoko superabita du, kuotengatik %7,8 gehiago jaso ostean. Horrez gain, Gizarte Segurantzaren Erreserba Funtsa 2026an 14.000 milioi eurora iritsiko dela ere iragarri dute; horrek iradokitzen du badaudela baliabideak koefiziente murriztaile horiek ezabatzeko".

Errenta aitorpena
Bestalde, iazko errenta aitorpeneko aldaketez ohartarazi du Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak. "Aurten, 2025ean zure lanarekin etekin gordinak urtean 20.000 eurotik beherakoak izan badira, ez duzu aitorpena aurkeztu beharrik. Baina kontuan hartu behar da, neurri hori apirilean onartu zela eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren atxikipenak ez zirela ekainera arte aldatu eta atxikipen berriak uztailetik aurrera sartu zirela indarrean. Hau da, urtarrila eta ekaina bitartean, 14.000 euro eta 20.000 eurora arteko lan-etekin gordinak dituztenei PFEZaren atxikipenak aplikatu zitzaizkien. Eta atxikitako kopuruak berreskuratzeko, errenta aitorpena aurkeztu beharko dute".