"Rikardo Arregiren oihartzuna 60 urte geroago" biziberrituko dute

Noaua Aldizkaria 2026ko maiatzaren 6a

1966ko maiatzaren 22an frontoi ondoan ospaturiko Juan Jose Alkain "Udarregi" bertsolariaren omenezko Remigio Mendibururen eskulturaren inaugurazioa eta ekitaldi haren bueltan eginiko kultur ekitaldien artean, Rikardo Arregik eginiko diskurtso gogoangarria oroituko ditu 650 Usurbil Bizi herri egitasmoak hilaren 15erako eta 22rako antolaturiko 60. urtemugako ekitaldien bidez. Asteazken honetan, maiatzaren 6an Potxoenean eginiko agerraldi bidez aurkeztu dituzte xehetasunak antolatzaileek.

 

"Euskararen eta artearen Usurbil. Rikardo Arregiren oihartzuna 60 urte geroago" ekimen zikloa aurkeztu dute astezken honetan, maiatzaren 6an, Potxoenean. Agerraldiak antolakuntza taldeko ordezkariak bildu ditu, 650 Usurbil Bizi herri egitasmoaren bueltan ekintza hau prestatzeko osaturiko lantaldeko kide  Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrieta, ekitaldietako batean parte hartuko duen Jakoba Errekondo eta aipatu egitasmoko dinamizatzaile Ines Azpiazu.

Maiatzeko bi ostiraletan, hilaren 15ean eta 22an egingo diren hitzorduen bidez, 1966ko maiatzaren 22an frontoi ondoan inauguraturiko Juan Jose Alkain "Udarregi" bertsolariaren omeneko Remigio Mendibururen eskultura eta testuinguru hartan eginiko kultur ekitaldien artean, Rikardo Arregik eginiko diskurtso gogoangarria oroituko dute ospakizun haien 60. urtemugan hain zuzen.

"Azkenean, 650 Usurbil Bizi egitasmoaren oinarrian, badelako batez ere transmisioa, zer izan den Usurbil, zer garen eta zer izan nahi dugun. Maiatzaren 22ko ekitaldiak asko du hortik, transmisiotik eta balorean jartzea, orduan, gure herrian egindako ekitaldia, Rikardo Arregi bera balioan jartzea", baina batez ere alkateak nabarmendu duenez, "euskararen eta euskal kulturaren biziberritze hartan esanguratsuak izandako pertsona horien berri ematea" egungo nahiz datozen belaunaldiei.

"Gaurkotasun handiko hitzak"
Gaur aurkezturiko ekitaldiarekin, "euskara eta artea jarri nahi dugu erdigunean, elkarrekin uztartu" eta, hala, "euskararen eta artearen Usurbil" ildoan sakondu nahi lukete, besteak beste, 60 urte betetako "Rikardo Arregiren euskara batuaren eta euskal estatuaren alde egindako hitzaldi gogoangarriaren" bidez. Izan ere, "gure ustez, 60 urte pasa diren arren, gaurkotasunik galdu ez duten hitzak, gaurkotasun handiko hitzak dira oraindik ere, are zer nolako testuingurua bizi dugun erreparatuta eta batez ere, azken bolada honetan euskarak bizi duen jazarpen, erasoaldi eta oldarraldi honi erreparatzen badiogu", Solaberrietak nabarmendu duenez.

Horregatik, "urteurrena, testuingurua eta gure proiektu honetan sakontzen jarraitu nahi dugulako, 650 Usurbil Bizi proiektua lantzen eta dinamizatzen dugun lantalde horretan baloratu genuen une egokia izan zitekeela, hori guztia gogora ekartzeko"; besteak beste, "gogora ekartzeko zein zen garai hartan bizi zen frankismo beteko giroa eta nola zentsura eta errepresio eta oztopo guztiei aurre eginez antolatu zen ekitaldi hori eta ekitaldi horren bueltako guztia". Horrekin batera, "nabarmendu ere, zenbait herritarrek, Artze anaiak edo Felix Aizpurua tarteko, nola buru-belarri inplikatu ziren omenaldi horren antolakuntzan eta garai hartan borborka zegoen mugimendu baten adibide izan zen".

Txalogarritzat jo du alkateak "garai hartan, frankismo betean, garaiko udalak baina baita Usurbilgo herriak, orohar, urte gogor haietan ere euskal artearen, euskararen eta orohar, kulturaren alde egindako apustu hura", bere ustez, ulergarriagoa egiten duelako egungo herri honen izaera. "Izan ere, hamarkada haietan Euskal Herrian izandako kultur eztandaren plaza eta lekuko izan zelako gure herria. Azpimarratzekoa da zentzu horretan, Usurbilek ere euskal kulturaren berpizkunde hura bideraturiko Ez Dok Amairu mugimenduarekin izandako lotura; horren adibide, herriko bi seme, Artze anaiak" eta haiekin,  "mugimendu haren parte izan ziren askok ere bere arrastoa utzi dutela Usurbilen, Mikel Laboak edo Remigio Mendiburuk. Horregatik, artea ez ezik historia ere gordetzen dute gure herriko kaleek eta txokoek. Hori guztia nahi dugu ere balioan jarri eta gaur egunera ekarri, maiatzaren 22an egingo dugun ekitaldiaren bidez".