Ostegun goiz korapilatsua errepide sarean. Izan ere, bi istripu izan dira, biak ala biak AP-8ak udalerri honetan barrena egiten duen bidean eta Irungo noranzkoan. 30. kilometroaren bueltan, lau ibilgailuren arteko ezbeharra izan da goizeko zortziak pasatxoan. Handik gutxira, bigarren ezbeharra izan da beste bi autoren artean, bertatik hurbil.
Istripuon harira bertaratu dira larrialdi zerbitzuak eta trafikoa kudeatzeko zerbitzuetako langileak, ezbeharrotan eragindakoak artatu, bidea garbitu eta ahal bezain laster erreiok irekitzeko.
Eusko Jaurlaritzaren Trafiko Zuzendaritzak jakinarazi duenez, hirutik bi errei itxi behar izan dituzte Irungo noranzkoan. Horrek guztiak ibilgailuen joan-etorria geldiarazi du. Trafiko Zuzendaritzaren arabera, sei kilometroko auto-ilara izan da AP-8 bidean.
Goizeko bederatziak pasatxoan ireki dituzte erreiok eta gutxitzen doaz auto-pilaketok.
