Berriz ere abisu horian gaur, ekaitz arriskuagatik

Noaua Aldizkaria 2026ko maiatzaren 7a

Azken egunotan sarritan gertatzen ari den moduan, ostegun honetan, maiatzaren 7an ere, abisu horian izango gara, prezipitazio handiagatik.

Azkenaldian hainbat egunetan bezalaxe, abisu horia izango da indarrean ostegun honetan ere, maiatzaren 7an. Prezipitazio handiagatik izango gara kolore horretako abisuaren eraginpean, arratsaldeko 15:00etan hasi eta iluntzeko 21:00ak arte. "Ordubetean 15 l/m² baino gehiago pila daitezke. Zaparrada ertainak eta trumoitsuak egingo ditu, eta zenbait lekutan handiak izan daitezke. Txingorra (1-2 cm) egin dezake eta haize-bolada gogorrak izan daitezke (50-70 km/h)", ohartarazi du Euskalmet meteorologia agentziak.

Giro honekin, ostegun honetan, hilaren 7an, "zerua partez hodeitua egongo da; arratsaldean hodeitsu geratuko da, bero-hodeiekin. Zaparrada txikiak egingo ditu; egunaren bigarren partean zenbait lekutan baliteke ertainak eta trumoitsuak izatea. Hego/hego-ekialdeko haize ahula ibiliko da. Eguerdi inguruan ipar-ekialdetik finkatu eta bizi ibiliko da. Tenperatura minimoetan aldaketarik ez edo gutxi igoko dira. Tenperatura maximoak nahikoa edo nabarmen igoko dira".

Ostiralean ere antzeko giroa izango dugu. Euskalmet-en arabera, "goizaldean hodeitza handituz joango da eta zerua oso hodeitsu geldituko da; arratsaldean bero-hodeiak nagusituko dira. Zaparrada txikiak egingo ditu, zenbait lekutan ertainak, bereziki egunaren bigarren partean eta orduan zenbait lekutan trumoitsuak izan daitezke. Hego/hego-ekialdeko haizea ahul-bizi ibiliko da, bolada gogorrekin eta oso gogor batzuekin; arratsaldean ipar-osagaira aldatuko da ahul-bizi. Tenperatura minimoak nahikoa igoko dira. Tenperatura maximoetan aldaketarik ez".

Informazio gehiago, euskalmet.eus bidez jaso ahalko duzue.