Ekonomia gaiak, azken osoko bilkuran

Noaua Aldizkaria 2026ko maiatzaren 7a

Urteko lehen hiruhilekoari dagozkion diru kontuei buruzko argibideak eman, ordenantza
fiskaletan zenbait aldaketa txertatu edota Garbitaniari lotutako lankidetza hitzarmena berritzea onetsi zuen udalbatzak apirilaren 30ean eginiko osoko bilkuran.

Nagusiki diru kontuak hizpide hartuta egin zuten apirilaren 30eko udalbatzaren osoko bilkura. Besteak beste, 2026ko lehen hiruhilekoari dagozkion diru kontuei buruzko argibideak eman zituen udal kontuhartzaileak. Horrekin batera, epealdi berean, hau da aurtengo urtarriletik martxora bitarteko ordainketen bataz besteko epeari buruzko zehaztasunak ere eskaini zituen.

Finkatua dagoen 30 eguneko tartearen oso azpitik ibili da beste behin Udala, 2026. urteko lehen hiruhilekoan, ordainketak egiteko; bataz beste 11,62 egun behar izan ditu horretarako. Iazko eta aurtengo fiskalizazio planak ere ahotan hartu zituzten. Iazkoari dagokionean, haren jarraipena egin eta finean, udal jarduna hobetzeko bederatzi neurri zuzentzaile jaso ziren. Haietatik lau gauzatuak dituzte, beste lau gauzatzen hasita, bat abiatzeke. 2025eko fiskalizazio plana ere prest du Udalak eta horren bidez, udal jardunaren "kontrol planifikatua" bideratu nahi da, "baliabide publikoen administrazio gero eta efizienteagoa lortzeko". Arriskuen zerrenda zehazten du eta horiek baloratzeko irizpideak.

Bestalde, kobraezinak diren eskubideen bajak onartzea ere onartu zuen udalbatzak iragan asteko saioan. Ordenantza fiskalak Iazko abenduan onarturiko aurtengo ordenantza fiskalen baitan, bi aldaketa txertatzea hasieraz onartu zuten hitzordu berean: batetik, 2023an hasitako bideari jarraiki, ikastaroetako prezioak eguneratzea eta ikastaro berrientzat (skatea, OKI edo oreka, koordinazioa eta indarra, emakumezkoei zuzendutako oinarrizko indar entrenamendua eta entrenamendu funtzionala) prezio publiko berriak sortzea. Laster, aldaketok 30 laneguneko epealdian jendaurrean jarriko ditu Udalak alegazioetarako.

Gurasotasun baimenak
Udal langileei lotutako beste erabaki bat ere hartu zuen udalbatzak. Izan ere, gurasotasun baimena hamasei astetik hemeretzira, hiru astez luzatzea onartu zuten aho batez.

Garbitania
Azkenik, "Garbitania Zero Zabor S.L.ri bere udal bazkideek egin beharreko jarduera-en- karguen araubide juridikoa arautzeko hitzarmena" berritzea ere onartu zuen udalbatzak gehiengo osoz, apirilaren 30eko osoko bilkuran, EHBilduren eta PSEren aldeko botoekin. Aurka agertu zen EAJ. Orain arte, hiru bazkide izan ditu Garbitaniak; Astigarragako, Hernaniko eta Usurbilgo udalak. Hitzarmena berritzea erabaki dute, laugarren baz- kide bati, Oiartzungo Udalari bertan sartzea ahalbideratzeko. Prozesu horretan, aurrez eman dira hainbat urrats; horien artean, iazko abenduaren 10ean azken udal horrek Garbitaniako bazkide izatea eskatu zuen. Egun gutxira, Garbitaniak eskaera hura onetsi zuen. Ondorioz, Oiartzunek eginiko 130.000 euroko ekarpenagatik kapital handitzea eman eta 62 partizipazio berri sortu ziren. Horiek eskuratzeko lehentasuna jada kide zirenena zen. Usurbilgo udalbatzak, ordea, uko egitea erabaki zuen, Oiartzungo Udalak bere egin zitzan. Gerora, martxoko bilkura nagusian, "Estatutuen aldaketa onartu zen: bazkideen osaketa eguneratu eta bitarteko propio izendatu; aipamen legala eguneratzea, eta kapital handitzea".