Maiatzaren 17an

Zehaztu dute, noiz igaroko diren Itzulia-Women lasterketako txirrindulariak gure artetik

Noaua Aldizkaria 2026ko maiatzaren 7a

Beste urte batez, Itzulia-Women lasterketako azken etapa gure artetik igaroko da maiatzaren 17an, eguerdi partean.

Hainbat zehaztasun aurreratuak zituzten arren, ostegun honetan, maiatzaren 7an aurkeztu dute ofizialki 2026ko Itzulia Women, azken etapako irteera eta helmuga izango den Donostian, hiriburuko udaletxean. Ordezkari publikoak, babesleak eta probako antolatzaileak elkartu dituen hitzorduak jada aurreratuak zituzten zehaztasunetan sakondu dute. "Lehen mailako taldeek eta txirrindulariek berriro parte hartuko dute lurraldeko zenbait gune zeharkatuko dituen ibilbidean", nabarmendu dute.

Horregatik, "txirrindularitzako ikuskizun handia izango denez, zaleei eskatu nahi diete etapetan bertan lasterketara hurbiltzen jarraitu dezatela". Hilaren 14an, aurtengo edizioa abiatu bezperan, arratsaldeko 18:00etan, taldeen aurkezpena egingo dute Zarauzko kai-muturrean.

Maiatzaren 17an, gure artetik
Aurtengo edizioa, maiatzaren 15etik 17ra jokatuko da, hiru etapetan. Azkenak, Donostian hasi eta amaituko denak Usurbil eta Aginaga zeharkatuko ditu N634 errepidetik barrena. 113,1 kilometroko etapa horren baitan, Errekaldetik Txikierdi aldera sartuko dira txirrindulariak aipatu errepidetik. Usurbil eta Aginaga zeharkatuko ditu gero bide beretik, Mendizorrotz aldera jo aurretik.

"Hirugarren etapak, Donostian hasi eta amaituko denak, Donostiako Klasikoa errepikatuko du. Ibilbideak funtsezko puntuak ditu, hala nola Jaizkibel eta Mendizorrotz igoerak, non lasterketa hautsi egiten den. Lehen mailako mendateak aldeak markatuko ditu, bigarren mailakoak etapa eta sailkapen nagusia erabakiko dituen bitartean. Helmugara hurbiltzeak, azken kotaren ondoren, bakarka edo talde txikietan mugimenduak egitea errazten du, eta, amaieran, ahalegin handiak egiteko gaitasuna eskatzen du", antolatzaileen esanetan.

EITB-k zuzenean eskainiko ditu Itzulia Women txapelketako hiru etapak, baita honenbestez, Usurbildik eta Aginagatik igaroko dena ere. Dagoeneko zehaztua dute, ze ordutan igaroko diren txirrindulariak gure artetik. 12:30ak pasatxoan zeharkatuko dute Usurbil eta 12:45 aldera, Aginaga. Adi, ordu tarte horretan N634 errepidea baliatu behar duzuenok. Ibilgailuen joan-etorrirako etenda egongo da.

Orotara, 19 talde lehiatuko dira aurtengo edizioan, "gehienak emakumezkoen nazioarteko txirrindularitzako gorengo kategoriakoak izango dira". Haietatik "13 ekipo UCI Women’s WorldTeam kategoriakoak dira, eta beste 6 UCI Women’s ProTeam kategoriakoak. Parte hartuko dutenen artean, batzuk tropeleko egitura sendoak dira, eta beste batzuk, hazten ari diren proiektuak". Udalerri hau zeharkatzen ikusiko ditugu taldeotako txirrindulariak: AG Insurance Soudal Team, Canyon-SRAM Zondacrypto, Cofidis Women Team, EF Education Oatly, FDJ United-Suez, Fenix-Premier Tech, Hitec Products-Fluid Control, Human Powered Health, Laboral Kutxa-Fundación Euskadi, Lidl-Trek, Liv-AlUla-Jayco, Ma Petite Entreprise, Movistar Team, St Michel – Preference Home – Auber93, Team Picnic PostNL, Team SD Worx-Protime, UAE Team ADQ, Uno-X Mobility, Vini Fantini – BePink. 

Itzulia Women 2026
Iraupena: maiatzaren 15etik 17ra.
Etapak:
-Maiatzak 15: Zarautz-Zarautz, 121,3 kilometro.
-Maiatzak 16: Abadiño-Amorebieta-Etxano, 138 kilometro.
-Maiatzak 17: Donostia-Donostia, 113,1 kilometro:
12:41-55 inguruan Usurbildik igaroko dira.
12:47-13:02 inguruan Aginagatik igaroko dira.

Informazio gehiago: itzulia-women.eus