Etxeko berri

Errigoraren produktuen banaketa ostiral eta larunbat honetan

Noaua Aldizkaria 2026ko maiatzaren 8a

NOAUA! Kultur Elkarteari lotutako zenbait oharren berri segidan; tartean, Errigoraren negu amaierako kanpainaren baitan Nafarroa erdialdean eta hegoaldean ekoitzitako produktuak eskatu zenituztenontzat. Izan ere, Errigoraren produktuon banaketa ostiral eta larunbat honetan egingo dugu.

Gogoan izango duzuenez, NOAUA! Kultur Elkarteak bat egin zuen beste behin, 24. Korrikak omendutako Errigoraren udaberri hasierako "Eskuz Esku" kanpainarekin. Martxoaren 18ra arte eska zitezkeen Nafarroa erdialdean eta hegoaldean ekoitzitako produktuak. Hala eginda, erosketa horien irabazien laurdena eremu horietako euskalgintza laguntzera bideratuko da.

Kanpaina horretan eskaturiko produktuen banaketa egiteko garaia heldu da. Ostiral eta larunbat honetan, maiatzaren 8an (16:30-19:30) eta 9an (09:30-12:30) hurrenez hurren, egingo du kultur elkarte honek; iaz bezala, Udarregi ikastolako eraikin gorriko erdiko aretoan.

Hobaria, bazkidetzaren truke
NOAUA! Kultur Elkarteari lotutak ohar gehiago, kasu honetan, iazko errenta aitortzeke duzuenontzat. Izan ere, NOAUA! K.E.-ren bazkide izateak hainbat onura ditu; horien artean, iazko errenta aitortzeko garaia heldu den honetan, bazkidetzagatik hobaria jasotzeko aukera. Gogoan izan, NOAUA! K.E.-ko kide izanda, elkartearen erabakietan eskuhartzeko eskubidea izango duzue, beherapenak elkarte honek antolaturiko ekitaldietan, hobaria errenta aitorpenean aipatu moduan, eta garrantzitsuena, egitasmo hau babestu eta bultzada emango diozue.

Bazkidetza kultur elkarteko egoitzan bideratu dezakezue edota web orrialde honetan bertan, noaua.eus/bazkidetu/ atalean hain zuzen.

30 urte
Hiru hamarkadako ibilbidea osatu du kultur elkarte honek. Maiatza honetan beteko dira 30 urte hain zuzen, 0. alea argitaratu zuenetik. 1996. urteko maiatzeko Sagardo Egunaren bueltan izan zen. Urtemuga hau ez da oharkabean igaroko. Hilabeteotan, xehetasun gehiago.

Lan-poltsa deialdiak
Zenbait lan deialdiren berri duzue lerrootan, NOAUA! Kultur Elkarteari lotutakoak denak. Batetik, 650 Usurbil Bizi herri egitasmoak eta aipatu elkarteak bisita gidatuak egiteko gidarien lan-poltsa osatzeko deialdia plazaratu du.

Bestalde, uztailaren 6tik 30era Udalarekin batera NOAUA! K.E.-k antolaturiko Udajolas udaleku irekietan hezitzaile nahiz zuzendari gisa jardun nahi dutenen lan-poltsa ere osatu nahi du eta horri lotutako deialdia kaleratu du.

Baterako zein besterako kurrikulumak maiatzaren 15a baino lehen aurkeztu beharko dituzte interesdunek.

Segidan duzue, lan-poltsa deialdi horiei buruzko xehetasunen berri: