"Bat Egin Eguna" ospatzeko eguna zuen ostiral hau, maiatzaren 8a, Usurbilgo EH Bilduren komunitateak. "Ospakizun bikoitza" zuten ekitaldiko aurkezle Beñat Larrañaga Urdanpilletak jakinarazi duen moduan. Izan ere, Puntapax 6an kokaturiko Bilgune eraberritua ireki dute ofizialki eta horrekin batera, jada otsaila aldetik lanean diharduen mahai politiko eraberritua ere aurkeztu dute. Bertako arduradun politiko Manex Zubiria Elexpek adierazi moduan, taldea osatzen duten kideei "izena eta aurpegia" jarri nahi izan diete, "sigla hauen atzean ze pertsona dauden ikusteko eta era berean, kezka eta erronka desberdinen inguruan beraiekin solasean aritzeko".
Zubiriak adierazi eta koalizioak egunotan aurreratu moduan, "esperientzia eta gaztetasuna" uztartu nahi izan dituzte, iazko otsailean EH Bilduk borobildutako hirugarren kongresuaren testuinguruan kokatu beharreko mahai politiko eraberritua. "EH Bilduk berregituraketa oso bat egitearekin batera, guk ere uste genuen Usurbilen berregituraketa bat egin behar genuela, gaur ditugun erronkei erantzuteko".
Ezinbestekotzat jotzen zuten, "udal gobernuaren, mahai politikoaren eta komunitatearen arteko txirikordatze bat eman behar genuela eta horri erantzutera dator proposamen hau".
EH Bilduren proiektua "inoiz baino indartsuago eta biziago" dagoela ziurtatu du, baina komunitatea indartzeko beharra nabarmendu du, "horretan sakontzen jarraitu behar dugu. Komunitate bat, mahai politiko indartsu bat izan behar dugu, erronkak ez direlako txikiak".
Segidan duzue, osatu duten hamaikakoa eta kide bakoitzak izango duen ardura. Kideok ezagutarazi aurretik, eskertza helarazi nahi izan die Zubiriak aurreko kideei. Haien ordezkariak ekitaldian ziren; Larrañaga bera eta Ana Eizagirre.
Usurbilgo EH Bilduren mahai politiko berritua
-Manex Zubiria Elexpe: arduradun politikoa.
-Oihan Errekondo Altuna: Sortuko herriko koordinatzailea.
-Agurtzane Solaberrieta Mesa: udal taldeko ordezkaria.
-Aritz Aranburu Gorrotxategi: EH Bilduko komunikazio arduraduna.
-Aitor Zabaleta Eizagirre: herriko gazte ordezkaria.
-Ander Mangas Sueskun: Sortuko diruzaina eta Aitzagako arduraduna.
-Xuban Zubiria Elexpe eta Amaia Añorga Manterola: EH Bilduko diruzainak.
Lan-ildoen arduradunak
-Lur Etxeberria Gurrutxaga: etxebizitza lan-ildoa.
-Luken Arkarazo Silva: Arrobitxulo/kultura lan-ildoa.
-Kris Bernal Etxeberria: feminismoa lan-ildoa.
-Aritz Aranburu Gorrotxategi: ekonomia sozial eraldatzailea.
"Komunitate trinko, kritiko eta aktiboa zarete"
Ekitaldian hitza hartu dutenen artean izan da baita Gipuzkoako EH Bilduren arduradun politiko Nekane Zinkunegi Barandiaran. Beste ezer baino lehen, eskertza helarazi die mahai politiko eraberrituko kide izateko urratsa emandakoei. Koalizioaren hirugarren kongresuaren baitan, tokiko egituratzea indartzeko apustuaren bueltan kokatu du gaurko ekitaldia eta ikasturte honetan, herrialdean barrena egiten ari diren beste hainbat mahai politikoen osatzea, "garbi dugulako hegemonia soziopolitikoa lehiatzen ari garen honetan, gure indarrak ezin ditugula erakundeetan soilik eduki, eta horietako hormetatik at ere EH Bilduk ere izan behar duela gorputz politiko bat, kalean hankak edukitzen jarraitu behar dugula eta aukerak dauden toki guztietan, halako espazio fisikoak ere irekitzen jarraitu behar dugula".
Usurbilen kasuan, Zinkunegik zioenez, "uste dut herri honek baduela mikroklima propio bat. Esango nuke EH Bilduk herritarrei eskaintzeko duen proiektu politiko horrek hartzen duela lur hemen oso modu propioan eta jende batek lan handia egiten duzuelako. Saretutako herri bat duzue, udalgintzan urteetako esperientzia, proiektu eredugarriak" eta bere esanetan, "oso garbi izan duzue herrigintzan zerbaitek funtzionatuko badu, herritarrekin elkarlanean lanean aritu behar dela, eta hor, komunitate trinko, kritiko eta aktiboa zarete". Ildo horretan, bilgunea tresna gakotzat jo du "bizitzaz eta mugimenduz betetzea", baita bertan "egingo den lana eta hemendik herrirako egingo dena".
"2023an lortutako emaitzak hobetu nahi ditugu"
2027-29 urte arteko hauteskunde ziklo luzean barneratzera goazen honetan, batetik, 2023tik Gipuzkoan lehen indarra den koalizioak izandako ibilbidea nabarmendu du. Orduko emaitza hura, "ez zen zerbait koiunturala izan, horren ondoren egon diren hauteskunde deialdi guztietan lehen indarra izateari eutsi diogulako eta bigarren indarrarekiko diferentzia hazi egin dugulako. Beraz, olatuaren txanpan gaude". Horregatik zioenez, urteotan "ezkerreko subiranismoak lortu du hegemoniaren lehian bete-betean sartzea".
Aurrera begirako hauteskunde deialdiei begira, erronka bakoitzari banaka heldu eta hitzorduotarako helburua zein den finkatua duela eman du aditzera. "Helburu potoloa ezarri diogu gure buruari. 2023an lortutako emaitzak hobetu nahi ditugu, lortutako alkatetzak berretsi eta areagotu nahi ditugu eta Gipuzkoako Foru Aldundia gobernatzeko jauzia egin nahi dugu, ez gobernu egituretan egoteko helburua daukagulako, horiek ere bitarteko eta tresna bezala ulertzen ditugulako, prozesu klabeetan aurrera egiteko eta herri honi egin dugun eskaintzan baldintza hobeak izateko".
Bilgune berritua ireki eta haren atarian talde argazkia aterata eta segidan, Aitzagan antolatua zuten afariarekin borobildu du Usurbilgo EH Bilduk gaurko "Bat Egin Eguna".