Zazpi ziren orain arte, baina zortzigarrena batu dute zerrenda horretara. Herri honen oroimen historikoaren alde lanean diharduen Usurbil 1936 elkarteak bildutako dokumentazioaren arabera, jada zortzi dira gutxienez 1936ko gerraren testuinguruan kolpistek udalerri honetan eraildakoak.
Aipatu bilgunetik jakinarazi dutenez, zortzigarren fusilatu baten berri jaso eta zabaldu dute haien usurbil1936.eus webgunearen bidez. Zortzigarren fusilatuak Domingo Hernandez Ramirez izena du. Usurbil 1936 elkarteak bildutako informazioaren arabera, "Txikierdiko Elor eremuan exekutatu zuten". Aipatu bilgunetik zehaztu dutenez, "Domingo ez zuten fusilatu gure oroigarria dagoen inguruan, Fagorren ate nagusiaren parean baizik".
Sortzez donostiarra zen, "errepublikazalea eta alor sozialean eta onegintzan oso inplikatua". Garai hartako Groseko Nerecan inprentako enkargatua zen, Zorroagako gaztetxoei bere ogibidea irakasten aritzen zen eta Groseko San Antonio Abad erietxean ongintzan. "Kolpistak Donostia hartzeko zorian zirela, zauritu eta gaixoen ebakuazioan lagundu zuen".
Berehala, "kolpistek Donostia hartu zuten egun berean, 1936ko irailaren 13an, atxilotu eta Ondarretako espetxera eraman zuten. Bederatzi egun geroago, bertatik atera eta inolako epaiketarik gabe, erail zuten" 48 urte zituela. Gerra amaitu ostean, 1939ko urrian, "gorpua berreskuratu eta Polloeko hilerrian familiaren panteoian hobiratu zuten".
Bilobaren lekukotza
Bere biloba Rafa Hernandez Irurzun jarri zen duela hilabete batzuk aipatu elkartearekin hartuemanetan. Bere lekukotza ere jaso dute usurbil1936.eus webgunean. "Urteak darama zer gertatu zitzaion ahalik eta era zehatzenean ikertzen. Senideengandik eta dokumentuetatik jasotakoan oinarrituz kontatu digu aitona Txominen historia gogorra".
Zortzi dira honenbestez, 1936ko gerran kolpistek udalerri honetan eraildakoak. Orain arte Usurbil 1936 elkarteak dokumentaturiko gainerako zazpi fusilatuak honako hauek ziren: Bautista Aginaga Otegi, Patxi Aizpurua Alkorta, Joxe Mari Furundarena Begiristain, Joxe "Kaxko" Galarmendi Balerdi, Jose Heredero Pinela, Koxme Yaguez Beristain eta Romana Zubiria Urruzmendi. Haien guztien berri zehatzago duzue, aipatu oroimen historikoaren elkartearen usurbil1936.eus webgunean.
Irailean beteko dira 90 urte tropa kolpistak herrira sartu zirenetik. Urtemuga hori ez da oharkabean igaroko.
