50 urte, Michelingo 100 eguneko grebatik

Ehun batasun eta elkartasun egun

Noaua Aldizkaria 2026ko maiatzaren 10a

Langileak ahaldundu zituen greba, helburu guztiak bete ez arren, haien esanetan "beharrezko greba" izan zen Michelingo langileek 1976an ehun egunez egindakoa. 50 urte bete diren honetan, hainbat oroimen ekimen antolatzen ari dira. Berriki bisita gidatua egin zuten.

 

50 urte bete dira, “eskubide eta askatasunen aldeko” nahiz “multinazional baten indarraren aurkako borroka” gisa definitutako Michelingo langileen ehun eguneko greba gogoangarri hartatik. 1976ko otsailaren 16tik maiatzera arte luzatutako deialditik mende erdia bete den honetan, garai hura bizi izandakoak oroitu, omendu eta belaunaldi berriei orduan jazotakoa helarazteko talde bat sortu eta hainbat ekintza egiten ari dira azkenaldian Lasarte-Orian. Usurbilen kokaturiko lantegia izanik, aurrerago, udalerri honetan ere ekimenik egiteko asmotan badira. Testuinguru horretan, berriki Lasarte-Oria-ko Gazte Asanbladak (LOGA) bisita gidatu berezia antolatu zuen haien Gazte Egunaren baitan. Ehun eguneko greba haren Lasarteko eskenatoki nagusietan barrena bidaiatu zuten parte hartzaileek. Pozarren eta esker onez hartu zuten bertan ziren langile ohiek, ekimena bera.

Duintasunaren defentsan
Garai hura bizitako hainbat lagunek hartu zuten hitza ibilaldian zehar. Ziotenez, xedea ez zen grebak hainbeste denbora irautea, “Michelinekin negoziatzea baizik”. Beste kontu bat zen, garai hartako enpresaren zuzendaritzak borondaterik bazuen edo ez. “Negoziatzea umiliatzea zen haientzat, gure gainetik zeuden. Langileek morroiak izan behar zuten. Greba hasitakoan, segituan kaleratu gintuzten gutako asko”.

Orduko testuingurua kontuan hartzeak berebiziko garrantzia du eta bisita gidatu hartan azaldu moduan, 3.500 bat langile zituen garai hartan Michelinek. Ondorioz, “eragin handia izan zuen grebak herri osoan”. Franco hil berria zen, eraldaketaren ametsa bizi asko zegoen garaian, “langileon borrokan jauzi handi” gisa definitu zuten, urte batzuk lehenago eginikoetatik eratorritako greba hau.

Hainbeste langileek ehun eguneko lanuztea egitearen dimentsioa ulertzeko, adierazi zutenez, "enpresa barruan zegoen esplotazio eredu oso bortitza", kontrol zorrotzean oinarriturikoa azaldu behar da. "Makina bakoitzak markatzen zuen ekoizpen mota. Horren arabera sortzen zen gutxieneko soldata bat. Esplotazio makineria bat zen". Horren bueltan, eraikia zuen "sistema zirkularra" ekarri zuten gogora. "Langileen atxikimenduak haienganatzeko" hainbat elementu zituen Michelinek; kooperatiba, Luzuriagarekin eta Cementos Rezolarekin batera langileen seme-alabentzat Añorgan irekitako eskola...”, aipatu zituzten adibide gisa.

“Ezinegon handia zegoen” eta langile ohiek gogorarazi moduan, greba aski zela adierazi eta haien duintasuna defendatzeko baliatu zuten. 1976ko otsailaren 16an hasi zuten greba, “28 orduz fabrikan itxialdia” egin ostean. Tarte horretan, guardia zibilak irtenarazi arte, hamasei orduko asanblada egin zuten tailer mekanikoetako batean, “gerora, grebari eustea lagundu zuena”. Izan ere, aurrez ondo baino hobeto prestatutako greba izan zela oroitarazi zuten. “Isilpeko bilerak egin genituen Usurbilgo elizan, han prestatu genuen”. Inguruko herrietako elizak eta txokoak baliatzen zituzten, ahoz aho zabaldutako asanbladak egiteko. “Imajinatzen duzue mila langiletik gora Alkizako asanblada batean?”. Hala egin zuten, handik irtendakoan polizia zain izan arren.

Hainbat batzordeetan antolatu ziren. Grebaren “zero gunea” zen egungo kiroldegia, garai hartan Michelingo jantokia zena, biltzeko gunea hain zuzen. Bertan egindako asanbladetatik “antolatzen zen guztia”. Bertan egiten zuten grebaren jarraipena, ekimenen prestaketa lanak, “normalean manifestazio batekin amaitzen zen”. Hainbat enpresa edota gizarte eragileekin hartuemanetan izan ziren. Bitartekari bila ere aritu behar izan zuten. “Estatuko instrumentuak” baliatu behar izan zituzten. Hala, frankismo garaiko “Sindikatu Bertikalean” ordezkaritza izan zuten haien borroka sendotzeko. Horri esker, “asanblada asko legeztatzea lortu genuen”. Horrez gain, Rodolfo Martin Villa orduko Espainiako Gobernuko barne ministroarekin bildu ziren ordezkari sindikalak. Izan ere, “negoziatu nahi genuen. Enpresak bagenekien ez zuela nahi. Aitzakia gisa baliatzen zuen esanez, greba legez kanpokoa zela”.

Etengabeko errepresioa
Gogor jazarri zituzten langileak. Horretarako, “gerra zikin me-diatikoa baliatu zuten langileen artean zalantzak sortzeko” eta enpresarien alde lerrokatzen zen polizia, “errepresioarekin langileen batasuna zulatu eta greba hausteko”. Grebalarien aurkako errepresioak eszena-toki nagusi bat izan zuen La-sarte-Orian bertan; Udaletxe zaharreko orduko guardia zibilaren kuartela. Hainbat langile atxilotu zituzten. Haie-tako baten lekukotzaren ara-bera, “lantokitik irteterakoan atxilotu eta jeep batean” sar-tu eta “mendirantz eraman ninduten”. Handik udaletxe zaharreko kuartelera. Halere, erabat lasai zegoela azaldu zuen. Emakume sindikalista bat buru zuen langileen ma-nifestazioa sartu zen bertarai-no. Halakoak gehiagotan ere gertatu ziren. Erresistentzia kutxarako laguntza biltzen aritu ziren emakumeak ere atxilotu zituzten. Milaka per-tsonadun manifestazioa egin zuten haiek aske uztea eska-tzeko. “Beste lau emakume atxilotu zituzten. Poliziaren furgonetan izan zituzten ha-mabi orduz handik atera gabe. Epaile militarraren aurrera eraman, atxilotzeko zergatirik ez zegoela erabaki eta aske utzi zituzten”.

Greba amaierara arte iraun zuen errepresioak. Barrutik borrokan segitzeko, ehun egunen zikloa amaitu eta lantokira itzultzea erabaki behar zuen asanblada egitea ere debekatu zieten. Hedabide baten bidez jakin zuten enpresak langile guztiak kaleratuko zituela. Herriak eta erakundeek “arbuiatu zuten lantegiko buruen jarrera krudela”. Langileak berriz onartzeko “elkarrizketa pertsonalak egiten zituzten, galdeketa polizialen modukoak ziren”. Elkarrizketon hitzorduak iragartzeko ere hedabide bat baliatu zuen enpresako zuzendaritzak. “Izenak hartu eta deituko gintuztela” adierazi zieten. Ondorioz, grebak ehun egun baino gehiago iraun zuen batentzat baino gehiagorentzat.

Emakume borrokalariak
Ehun eguneko greba hartan, ia beti isilarazitako emakumeen borroka ere gogora ekarri eta goraipatu zuten. Garai hartan oraindik, gizonezkoei aitortutako adina eskubide izan gabe, ezinbestekoak izan ziren aurrekaririk gabeko greba deialdi hartan. “Emakumeen parte hartzea ezinbestekoa izan zen erresistentzia kutxarako laguntza jasotzeko, izpiritu kolektiboa mantentzeko. 3.000 lagunen ehun eguneko greba bat ezinezkoa litzateke kohesio hori gabe”. Lasarte barruan, “emakumeen mugimenduaren lehen kimu” gisa definitu zuten bisita gidatuan zehar, borroka honetan emakumek izandako parte hartzea. Batetik, erabaki ezberdinak bozkatzeko asanblada propioak galdegin zituzten. Denen artean sortutako erresistentzia kutxarako “10 pezetako bonuak saltzen aritu ziren Gipuzkoan eta Nafarroan. Jazartuak izan ziren zenbait tokitan”, atxilotuak lehen aipatu moduan.

Garaiko testuinguruak ere eragin zuen haien borrokan. Greba betean zirela jazo ziren Gasteizko martxoaren 3ko langileen erahilketak. Bestalde, “Portugalgo Krabelinen Iraultzak asko lagundu zigun”, baita Vietnamgo gerrak ere. "Vietnamek hornitzen zuen kautxuarekin lantegia”. Halere, “greba luze, gogor bezain eraginkorra” ehun egunez eusteko gakoak argi utzi zituzten; langileen batasuna eta elkartasuna. “Ez zegoen ñabardura txikiena gure artean, kanpoko protagonismorik ez zen. Denok bat eginik geunden. Guretzat langileen batasuna zen garrantzitsuena”. Elkartasuna ere agerikoa zen, grebalarien bueltan eraikitako babes sareari esker. Haientzat janariz hornitzeko azokak egiten zituzten, kaleratuak eskatzeko plataforma ere lanean zuten, erresistentzia kutxa bat sortzen aritu ziren... "Nola liteke ehun egunez erresistentziari eutsi izana? Bagenekielako irabazi egingo genuela”.