Apirilaren 29an, 30ean, maiatzaren 2an, 3an, 7an, 8an eta baita gaur ere. Igande honetan, maiatzaren 10ean ere abisu horian izango gara prezipitazio handiagatik. Euskalmet meteorologia agentziak ohartarazi duenez, arratsaldeko 14:00etan hasi eta iluntzeko 20:00ak arte izango da indarrean. "Ordubetean 15 l/m² baino gehiago pila daitezke. Zaparrada ertainak eta trumoitsuak egingo ditu, eta zenbait lekutan handiak izan daitezke, bereziki Gipuzkoan eta Araban. Txingorra (1-3 cm) egin dezake eta haize-bolada oso gogorrak izan daitezke (60-80 km/h)", Euskalmet-ek jakinarazi duenez.
Honenbestez, giro honekin, igande honetan, maiatzaren 10ean Usurbilen, "egunaren lehenengo partean zerua hodei gutxirekin edo partez hodeitua egongo da; egunaren bigarren partean bero-hodeiak garatuko dira. Egunaren bigarren partean zaparrada txiki-ertainak eta trumoitsuak egingo ditu. Hego-mendebaldeko haize ahul-bizia ibiliko da, bolada gogorrekin eta oso gogorrekin. Arratsaldean brisa ibiliko da. Tenperaturan aldaketarik ez".
Astelehenean, hilaren 11n, "egunaren lehenengo partean zerua hodei gutxirekin edo partez hodeitua egongo da; egunaren bigarren partean bero-hodeiak garatuko dira. Egunaren bigarren partean zaparrada txikiak egingo ditu, zenbait lekutan ertainak, eta baliteke trumoitsuak izatea. Hego-mendebaldeko haize ahul-bizia ibiliko da; eguerditik aurrera ipar-osagaitik finkatuko da. Tenperatura minimoetan aldaketarik ez. Tenperatura maximoetan aldaketarik ez edo gutxi igoko dira".
Asteartean, hilaren 12an, "goizaldean pixkanaka hodeiak ugaritu egingo dira. Gainerako orduetan zerua hodeitsu egongo da, tarteka oso hodeitsu. Goizetik aurrera zaparrada txikiak egingo ditu, arratsaldean zenbait lekutan ertainak. Ipar-osagaiko haize ahul-bizia ibiliko da, bolada gogor batzuekin gauean. Tenperatura minimoetan aldaketarik ez. Tenperatura maximoak gutxi edo nahikoa jaitsiko dira".
Informazio eguneratua euskalmet.eus bidez jaso ahalko duzue.