Giro ederrean agurtu dute Aitzaga elkartearen 3. Pala Txapelketa

Noaua Aldizkaria 2026ko maiatzaren 11

Argazkia: Aitzaga elkartea.

Larunbat iluntzean jokatu ziren Aitzaga elkarteak antolaturiko 3. Pala Txapelketako azken neurketak. Giro ederra eta lehia estua bizi izan zen maiatzaren 9ko finalean.

Azkenaldi honetan jokatutako txapelketa baten amaiera izan da asteburu honetan; hain zuzen, Aitzaga elkarteak antolaturiko pala txapelketarena. Hirugarren edizioa jokatu da asteotan. Azken neurketak, larunbat iluntzean jokatu ziren frontoian.

"Larunbatean, ilunabar ederra pasa genuen herriko frontoian, III. Aitzagako Pala Txapelketako finalarekin", azaldu dute antolatzaileek. Bi neurketa jokatu zituzten; hirugarren postua erabaki zuena lehenik, eta final handia segidan.

"Arratsaldeko 20:30ak aldera hirugarren postua eskuratzeko norgehiagoka izan genuen, Pablo-Xabat (gorriz) eta Harri-Danel (urdinez) bikoteen artean. Partida bikaina eskaini zuten, eta azkenean, gorriak gailendu ziren 22-19. Honen ostean, final handiari hasiera eman zitzaion: Axular-Errasti (gorriz) Antton-Fioreren (urdinez) aurka", txapelketako deitzaileen hitzetan.

Lehia estua bizi izan zen final handi horretan, lekukoek azaldu bezalaxe. "Hasieratik oso berdinduta egon zen lehia, intentsitate altuko partida egin zuten eta lau palistek euren onena eman zuten amaierara arte. Partida gorrien alde dekantatuko zela zirudienean ordea, urdinek gogor eutsi eta markagailua 21-21 jartzea lortu zuten. Azken tantoa oso gogorra izan zen, eta azkenean, urdinek jantzi zuten txapela".

Eskertza
Aitzaga elkarteak antolaturiko pala txapelketa horren hirugarren edizioko antolatzaileek eskerrak helarazi nahi dizkiete "parte hartu duten guztiei, partidak ikustera bertaratu zaretenei, eta nola ez, modu batera edo bestera laguntzen ibili zareten herritarrei".

Laugarren ediziorako deia egina dute jada. "Datorren urtean berriz ikusiko dugu elkar! Gora Aitzaga eta Gora Usurbil!".