Udal aurrekontuak hobeto aurreikusi beharra dagoela uste du PSE-EEk

Noaua Aldizkaria 2026ko maiatzaren 12a

Ohar bidez, Usurbilgo PSE-EEk beharrezkotzat jo du udal aurrekontuen aurreikuspena hobetzea.

Horretarako, hiru neurriok hartu beharko liratekeela dio: “aurrekontu-plangintza hobetzea, aurreikuspenak errealitate ekonomikora egokitzea eta ekitaldian zehar, kreditu-aldaketekiko mendekotasuna murriztea”.

Iazko aurrekontuen likidazioaren balorazioa plazaratu du PSE-EEk. Egoera ekonomiko sendoa du Udalak eragile politiko honen esanetan, “diruzaintzako soberakin handiarekin, aurreko urteetan baino 500.000 euro gehiagorekin eta arriskurik gabeko likidezia-posizioarekin”. Halere, alderdi honek iazko aurrekontua “erantzukizunetik” babestu eta “askotan udalek zuzenketak egiten dituztela” jakin arren, “azken kreditu-aldaketa sei milioi eurotik gorakoa izan da”.

Sozialisten esanetan, “udalaren egoera ekonomikoa ona izan arren, EH Bilduren gobernuak 6.054.838,96 euroko aldaketa onartu du Usurbilgo alkatetzaren dekretu bidez. Zifra hori, sozialisten ustez, ez da batere baztergarria". Petri Romero bozeramailearen esanetan, “likidazioaren datuek gure hausnarketa berresten dute. Nahiz eta finantza-osasun ona izan, aurreikusitakoaren eta gauzatutakoaren artean desoreka handiak izan dira, eta horrek kreditu-aldaketa handiak ekarri ditu".

Diru-sarrerei dagokienean, PSE-EEren esanetan, “desbideratzeak ikusten dira hainbat eremutan”. Adibide gisa aipatu ditu, “zuzeneko zergetan, ez-betetzeak Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan eta Gainbalioetan”; “tasa eta zerbitzuetan, aurreikuspen baikorregia, batez ere urari, estolderiari eta hondakinei dagokienez. Herritarrengan eragin zuzena duena. Era berean, aurreikusitako diru-sarrera batzuk ez dira gauzatu, eta beste ezohiko sarrera batzuek azken emaitzari eusten lagundu dute”.

Iazkoa “baino zazpi puntu txikiagoa” izan da “diru-sarreren gauza maila, % 92,80koa”. PSE-EEk ondorioztatu duenez “horrek indartu egiten du aurrekontuak egiterakoan zuhurrago eta errealistago jokatu behar delako ideia”. Tasak KPItik gora handitzea ez zela beharrezkoa dio “egungo egoera ekonomikoa kontuan hartuta”. Adierazpen guztiok kontuan izanda, PSE-EEren oharra bozeramailaren iragarpen batekin amaitu du. "Jarrera eraikitzaile eta arduratsu batetik lan egiten jarraituko dugu kudeaketa ekonomiko zorrotzagoa, gardenagoa eta Usurbilgo herritarren benetako beharrekin lerrokatuagoa izan dadin".