"Rikardo Arregiren oihartzuna 60 urte geroago"

“Oteiza 14 apostolu” film emanaldia eta solasaldia igandean izango da, ez ostiralean

Noaua Aldizkaria 2026ko maiatzaren 12a

Maiatzaren 17an eta 22an biziberrituko da, duela 60 urte frontoi ondoan Juan Jose Alkain "Udarregi" bertsolariaren omenez Remigio Mendiburuk ondutako eskultura eta orduko hartan eginiko ospakizunen artean, Rikardo Arregik plazaraturiko diskurtso gogoangarria. Hasteko, "Oteiza 14 apostolu" filmaren emanaldia eta solasaldia antolatu da iganderako. Izatez ostiralerako zegoen antolatua, baina ikuskizunen arloko profesionen greba deialdia tarteko, igandera, hilaren 17an atzeratu da aipatu ekitaldia.

Remigio Mendiburuk frontoi atzean ondutako Udarregi bertsolariaren omeneko eskultura 60 urte betetzear da. Izan ere, 1966ko maiatzaren 22a inauguratu zen. Ekitaldi hartan Rikardo Arregik eskultura ondoan eskainitako hitzaldi gogoangarria eskaini zuen. Honenbestez, sei hamarkada horiek laster beteko dira. Urtemuga haren harira, NOAUA! Kultur Elkarteak eta 650 Usurbil Bizi herri egitasmoak zenbait ekitaldi antolatuak zituzten hilaren 15erako eta 22rako. Baina lehen hitzordua, hilaren 15erako iragarria zegoena, igandera, hilaren 17ra atzeratuko da. Izan ere, ostiral honetan, EAEko ikuskizun eta ekitaldien sektoreak greba egingo du. Deialdia, Teknikariok, ESK, LAB, UGT, ELA eta CCOO sindikatuek deitu dute. Artistei eta ikus-entzuleei ekitaldietara ez joateko eskatu diete. Egiturazko prekarietatea salatu, eta sektorearentzat lehen hitzarmen kolektibo duina eskatzen dute.

Greba deialdi hau tarteko, beraz, ostiralerako, maiatzaren 15erako iragarritako "euskararen eta artearen Usurbil. Rikardo Arregiren oihartzuna 60 urte geroago" zikloko lehen hitzordua, maiatzaren 17ra atzeratu da, igandera honenbestez.

"Euskararen eta artearen Usurbil. Rikardo Arregiren oihartzuna 60 urte geroago"
Maiatzak 17, igandea

19:00 Oskar Alegriak Jorge Oteiza Fundazio Museoaren Danok Oteiza egitasmoaren baitan ondutako “Oteiza 14 apostolu” film emanaldia Sutegiko auditorioan. “Filmak 45 minutu irauten du, eta Japonian, Txilen, Londresen, Parisen eta Arantzazun filmatua da. Hala, Oteizaren pentsamenduari buruzko irakurketa garaikide bat proposatzen du, askotariko ahots eta begiradetatik abiatuta”.
Segidan, solasaldia filmeko zuzendari Oskar Alegriarekin eta Jorge Oteiza Fundazioko patronatuko presidente Jaione Apalategirekin. Hitzordu honetan, “Jorge Oteiza Fundazio Museoak sustatutako Danok Oteiza komunitate-proiektua aurkeztuko da”.

Sarrerak: 6 eurotan aurrez usurbilkultura.eus webgunean edo NOAUA! Kultur Elkartearen egoitzan. NOAUA! K.E.-ko bazkideek 4 eurotan, kultur elkartearen egoitzan.

Maiatzak 22, ostirala
18:00 “Zutik” film emanaldia Sutegiko auditorioan. Rikardo Arregik Usurbilen 1966an emandako hitzaldi gogoangarria oinarri hartuta Maluta Filmsek ekoitzitako film laburra, “euskaltzale andoaindarrak euskal gizartean utzi zuen arrastoa azaltzeko, gaur egun, tamalez, orduan esandakoek duten gaurkotasunaz jabetu gaitezen”.
Segidan, Naiz Irratiak zuzenean gidatutako solasaldia. Bertan parte hartuko dute Ainara Mendiolak (filmaren zuzendaria), Ismael Manterolak (Arte Ederren Fakultateko dekanoa) eta Idurre Eskisabelek (Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusia).

Itxiera, Remigio Mendibururen eskulturan emango zaio. Parte-hartzaileak: Maialen Lujanbio eta Jakoba Errekondo.
Sarrerak: gonbidapenak doan, usurbilkultura.eus plataforman.

Antolatzaileak: NOAUA! Kultur Elkartea eta 650 Usurbil Bizi.