Maiatzaren 16an

Bigarren urtemuga festa antolatu dute Txirikordako bizilagunek

Noaua Aldizkaria 2026ko maiatzaren 13a

Ugartondoko belaunaldiarteko etxebizitza komunitarioaren bigarren urtemuga festa ospatuko dute larunbatean, maiatzaren 16an.

Bi urte bete dituzte eta ospatzera doaz. Ugartondon kokaturiko Txirikorda belaunaldiarteko etxebizitza komunitarioa 2024ko udaberrian bizilagunez biziberritu zutenetik bi urte bete dira eta ospatzea erabaki dute, iaz egin zuten moduan.

Larunbat honetarako, maiatzaren 16rako festa giroko arratsalde pasa antolatu dute haien bizilekuaren atarian. Herriarekin partekatu eta ospatu nahi dute urtemuga hori. Horretarako, denetarik izango dute; musika, jan-edana, haurrentzako eskaintza, txapelketaren bat...

Txirikordako bizilagunak herritarrak urteurren festara gonbidatzeko gutuna helarazi dute. "Lagun hori: maiatzaren 16an Txirikorda Belaunaldiarteko Etxebizitza Komunitarioaren 2. urteurrena ospatuko dugu", berri eman dute.

Larunbat arratsalderako hain zuzen, " egitarau ederra osatu dugu: txokolatada, buruhandiak, toka txapelketa, The Hastelehen's musika taldea... izango ditugu". Hilaren 16an, arratsaldeko 17:00etan hasiko dute urtemuga festa. Bertara joateko gonbita egin dute. "Etorri gugana eta gozatu giro ezin hobean!".