Udal zerbitzuetan etenaldia izango da ostegun honetan, maiatzaren 14an. Izan ere, udal langileak grebara doaz bai Usurbilen, baita Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako beste hainbat udalerrietan ere. "Itxiko diren udalen artean daude, besteak beste, Hernani, Usurbil, Oñati, Arrasate, Bergara, Ordizia, Beasain eta Zumarraga. Beste zenbait udaletan eta udalen zerbitzuetan ere jarraipen garrantzitsua" izango dela aurreikusi dute, greba egun honen deitzaile LAB eta ELA sindikatuek.
Hain zuzen, sindikatuon arabera, 120 langile batzordeek baino gehiagok "EUDELi eta EAJ, EH Bildu eta PSE-EE alderdi politikoei exijituko diete Udalhitzeko eta udaletako mahaietan lan-baldintzak hobetzeko". Gogora ekarri dutenez, "EAEko udaletan urte asko daramatzagu lan-baldintzak hobetuko dituen akordiorik gabe. Udalhitzeko mahaian aldarrikapen asko falta dira, eta udal mailako negoziazio esparruak, orokorrean, ez daude aktibo. Ondorioz, udaletako langileon lan-baldintzak okertzen ari dira urtez urte".
Testuinguru horretan, iaz Udalhitzeko negoziazio mahaia martxan jarri zen. "Orain dela 16 urtetik berritu gabeko lan-baldintzak adosteko aukera irekita dago. Alabaina, udaletako agintaritzan dauden EAJ, EH Bildu, PSE-EE eta alderdi independenteek gaur-gaurkoz proposamen integralik egin gabe jarraitzen dute, eta onartu egin dituzte Madrildik ezarritako enpleguari eta soldatari lotutako neurriak", sindikatuon esanetan.
Gai honi lotutako mugimenduak izan dira egunotan. "Azken mahai negoziatzailea pasa den maiatzaren 7an izan zen, eta ez ziren behar besteko aurrerapenak jaso EUDELen eta alderdi politikoen proposamenetan. Negoziazioa oso motel doa, eta eduki zehatzak falta dira".
Honenbestez, apirilaren 23an, bi orduko lanuztea egin ostean, greba eguna deitu zuten ostegun honetarako, maiatzaren 14rako. Greba egun horri begira, 120 udal eta udal enpresek bat egin dute LAB eta ELA sindikatuek aurkezturiko mozioarekin. Biharko deitzaileek adierazi dutenez, "LABek eta ELAk maiatzaren 14an egingo dugun greba deialdia eta egun horretan egingo diren mobilizazioak babestera gonbidatzen ditugu langileak". Ekainaren 4rako bigarren greba eguna deitua dute.