Belaunaldi gazteenak ekingo dio gaur Usurbilgo 53. Pilota Txapelketari

Noaua Aldizkaria 2026ko maiatzaren 13a

Iazko Usurbilgo Pilota Txapelketako garaileak.

Pilota neurketez blai datozkigu egunok. Lehen neurketak, asteazken honetan, maiatzaren 13an jokatuko dira; Usurbilgo Pilota Txapelketako lehen partidak hain zuzen.

Pilota partida ugari izango dira egunotan, asteazken honetatik, maiatzaren 13tik bertatik hasita. Usurbilgo jaietan amaitu ohi den herri mailako txapelketa hastera doa. Final zortzirenei ekiten lehenak gazteen belaunaldia izango da, asteazken honetan bertan, maiatzaren 13an; herritarrak izango dira tartean. Ostiralean emango diote segida helduek.

Final zortzirenei segida emango zaie maiatzeko azken asteburuan. Orduan hasiko dira lehiatzen, helduen mailan herri honek izango duen ordezkaritza; Xabier Santxo herritarra eta Julen Urruzola. Gazteen mailan Aiert Aburuzak eta Aimar Alejok ordezkatuko dute Usurbil, gaur bertan jokatuko duten lehen neurketarekin. Ekainaren 5eko eta 12ko asteburuetan final laurdenak jokatuko dira, ekainaren 19an finalerdiak eta, azkenik, aipatu moduan, uztailaren 2an finalak.

Bestalde, herri hau aurtengoan ere Gipuzkoako Herriartekoan lehiatuko da. Lehen neurketak igande honetan, maiatzaren 17an jokatuko dituzte herrikideek Eibarko Astelenan; final zortzirenak hain zuzen. Hurrengo astean, etxean, Usurbilen lehiatuko dira eibartarrekin. Pagazpetik honako deia egin dute: "jendea animatzera joan dadin deia egin nahi dugu elkartetik, itzulerarako emaitza ona ekar dezagun joanekoan". Udalerri hau Pagazpe elkarteko pilotariok ordezkatuko dute: kadeteetan Ekain Alejok eta Markel Alejok; gazteetan, Aimar Alejok eta Enaitz Errastik; nagusietan, Xabi Santxok eta Iñigo Ibargoienek. 

GRABNI Txapelketa
Pilota txapelketei lotutako azken oharra segidan. Izan ere, bukatu berri da federazioen arteko GRABNI Txapelketa, Gipuzkoako, Arabako, Bizkaiko, Iparraldeko, Nafarroako eta Errioxako selekzioak lehian jartzen dituena. "Gipuzkoa hirugarren izan da ezker horman eta laugarren sailkatu da trinketan (Nafarroak irabazi du ezker horman eta Iparraldek trinketan)", Gipuzkoako Pilota Federazioaren esanetan. 

Zenbait herrikideek parte hartu dute txapelketa horretan: eskuz, Miriam Arrillaga Belokik Behar Zana taldearekin eta Xabier Santxo Sagardiak Pagazpe taldearekin; egokituan, Beñat Lizaso Muxikak Kemen taldearekin.

Pilota
Maiatzak 13 asteazkena,
20:00 Usurbilgo Txapelketa, gazteak: Pagazpe (Aburuza-Alejo)-Tolosa (Karrera-Caminos)
Azkoitiako Oteiza/Abantzu (Arregi-Zabala)-Behar Zana (Zufiria-Cestau)

Maiatzak 15 ostirala
18:00 Infantilak 3. mailan binaka: Pagazpe 2-Mundarro
19:00 Usurbilgo Txapelketa, nagusiak: Rekalde-Errasti (Oberena-Pagazpe)-Txoperena-Goikoetxea (Leitza)

Maiatzak 16 larunbata
18:00 Usurbilgo Txapelketa, nagusiak: Olaizola-Aranguren (Eple)-Altuna-Etxeberria (Tolosa)
Cestau-Erasun (Behar Zana)-Armaolea-Garmendia (Lapke)
Etxeberria-Olaiz (Oiarpe)-Galartza-Galartza (Larraun)

Kadete 2. mailan, lau t'erdiko
txapelketa:
-Pagazpe (Alejo E.)
-Bergara (Muruamendiaraz)

20:30 Gipuzkoako txapelketa: Jubenil 1. mailan, lau t'erdian: Pagazpe (Errasti)-Tolosa

Maiatzak 17, igandea
16:30 Gipuzkoako Herriartekoa, Eibarko Astelehenan: Eibar-Usurbil