Udal zerbitzuak etenda, udal langileek greba eguna dute

Noaua Aldizkaria 2026ko maiatzaren 14a

Udal zerbitzuak etenda daude ostegun honetan, maiatzaren 14an. Izan ere, LAB eta ELA sindikatuek deitutako greba deialdiarekin bat egin dute Usurbilgo udal langileek ere, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako beste 120 udal nahiz udal enpresetako langile batzordeek bezalaxe gutxienez.

Udal erregistroa nahiz udaletxeko beste sailetan langilerik ez, eraikin horren parean baina Kale Nagusiko bideaz bestalde dauden udal gizarte zerbitzuak itxita, beste hainbeste Sutegi udal liburutegian ere, Potxoenea hutsik.... Ezohiko osteguna dute gaur, udal zerbitzuen sarean. Izan ere, etenda edota itxita daude, greba eguna dute eta udal langileek.

Zerbitzu horien guztien atarian, "maiatzaren 14an grebagatik itxita" bezalako oharra jarri dute udaletxearen edota gizarte zerbitzuen egoitzaren sarreran. "Maiatzaren 14an, udal langileen greba dela eta, Sutegi udal liburutegia itxita egongo da. Barka eragozpenak" oharra irakurri ahal izan dugu Sutegiko atean.

Horrez gain, Usurbilgo Udaletik atzo bertan ohartarazi moduan, hondakinen bilketa zerbitzua ere etenda dago. Ostegun honetan, zati organikoa bildu behar zuten, baina aipatu moduan, ez dituzte esekilekuetan jarritako ontzi marroiak hustuko, Garbitaniak ere bat egin du eta greba deialdi honekin.

"Lan-baldintzak hobetzeko" eskaera
Aipatu moduan, udal zerbitzuetan etenaldia izango da ostegun honetan, maiatzaren 14an. Izan ere, udal langileak greban dira bai Usurbilen, baita Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako beste hainbat udalerrietan ere. "Itxiko diren udalen artean daude, besteak beste, Hernani, Usurbil, Oñati, Arrasate, Bergara, Ordizia, Beasain eta Zumarraga. Beste zenbait udaletan eta udalen zerbitzuetan ere jarraipen garrantzitsua" izango dela aurreikusi dute, greba egun honen deitzaile LAB eta ELA sindikatuek.

Hain zuzen,  sindikatuon arabera, 120 langile batzordeek baino gehiagok "EUDELi eta EAJ, EH Bildu eta PSE-EE alderdi politikoei exijituko diete Udalhitzeko eta udaletako mahaietan lan-baldintzak hobetzeko". Gogora ekarri dutenez, "EAEko udaletan urte asko daramatzagu lan-baldintzak hobetuko dituen akordiorik gabe. Udalhitzeko mahaian aldarrikapen asko falta dira, eta udal mailako negoziazio esparruak, orokorrean, ez daude aktibo. Ondorioz, udaletako langileon lan-baldintzak okertzen ari dira urtez urte".

Testuinguru horretan, iaz Udalhitzeko negoziazio mahaia martxan jarri zen. "Orain dela 16 urtetik berritu gabeko lan-baldintzak adosteko aukera irekita dago. Alabaina, udaletako agintaritzan dauden EAJ, EH Bildu, PSE-EE eta alderdi independenteek gaur-gaurkoz proposamen integralik egin gabe jarraitzen dute, eta onartu egin dituzte Madrildik ezarritako enpleguari eta soldatari lotutako neurriak", sindikatuon esanetan.

Gai honi lotutako mugimenduak izan dira egunotan. "Azken mahai negoziatzailea pasa den maiatzaren 7an izan zen, eta ez ziren behar besteko aurrerapenak jaso EUDELen eta alderdi politikoen proposamenetan. Negoziazioa oso motel doa, eta eduki zehatzak falta dira".

Honenbestez, apirilaren 23an, bi orduko lanuztea egin ostean, greba eguna deitu zuten ostegun honetarako, maiatzaren 14rako. Greba egun honi begira, 120 udal eta udal enpresek bat egin dute LAB eta ELA sindikatuek aurkezturiko mozioarekin. Deitzaileek adierazi dutenez, "LABek eta ELAk maiatzaren 14an egingo dugun greba deialdia eta egun horretan egingo diren mobilizazioak babestera gonbidatzen ditugu langileak". Ekainaren 4rako bigarren greba eguna deitua dute.