Abisu horian 24 orduz, prezipitazio iraunkorragatik

Noaua Aldizkaria 2026ko maiatzaren 14a

Prezipitazio iraunkorragatik abisu horian izango gara ostegun iluntzeko 21:00etan hasi eta ostiral iluntzeko 21:00ak arte.

Euri askoko orduak datozkigu, Euskalmet meteorologia agentziak ohartarazi duenez. Izan ere, 24 orduko abisu horia ezarri dute, ostegun iluntzeko 21:00etan hasi eta ostiral iluntzeko 21:00ak arte prezipitazio iraunkorragatik hain zuzen. "Kantauri isurialdeko zenbait lekutan 24 orduan 60 l/m² baino gehiago pila daitezke. Kantauri isurialdean euri ertaina sarri egingo du eta oso ugaria izango da. Baliteke trumoi-ekaitzak izatea eta txingorra egitea, bereziki kostaldean", Euskalmet-ek ohartarazi duenez.

Giro honekin, ostegun honetan, maiatzaren 14an Usurbilen, "zerua oso hodeitsu egongo da eta euria egingo du. Mendebal/ipar-mendebaldeko haizea ibiliko da, bolada gogorrekin. Tenperatura gutxi edo nahikoa jaitsiko da".

Ostiralean, hilaren 15ean, "giroa goibela eta oso euritsua izango da; egunaren lehenengo partean egingo du euria ugariago. Ekaitzak jo dezake. Mendebaldeko edo ipar-mendebaldeko haizea ibiliko da, bolada gogorrekin. Tenperaturan aldaketarik ez edo gutxi jaitsiko da".

Larunbatean, hilaren 16an, "zerua hodeitsu egongo da eta noizbehinka euria egingo du. Mendebaldeko edo ipar-mendebaldeko haizea ibiliko da, bolada gogor batzuekin. Tenperatura minimoetan aldaketarik ez edo gutxi jaitsiko dira, maximoak gutxi edo nahikoa igoko dira".

Informazio gehiago euskalmet.eus bidez jaso ahalko duzue.