Hurrengo 2026-27 ikasturtean parte hartzen hasi edo segi nahi dutenentzako oharra. Zirimara egitasmorako izen-ematea zabalik dute ostegun honetatik, maiatzaren 14tik, bere sustapen lanean diharduten Usurbilgo Udalak, NOAUA! Kultur Elkarteak eta Udarregi ikastolak. "Jolas hezi programa, psikomotrizitatea, natur jarduerak, aurre-kirolak, kirola, saio bereziak, familia planak..." eta gehiago eskaintzen ditu Zirimarak HH nahiz LH zikloetan diren haur eta gaztetxoentzat.
Ostegun honetan, hilaren 14an hasi eta maiatzaren 24ra arteko epealdia finkatu dute horretarako. Zirimararen hurrengo ikasturtea urriaren 1ean hasi eta 2027ko maiatzaren 30era arte luzatuko da. Orain arte bezala, herri erdigunean, Aginagan eta Zubietan eskainiko da.
Izen-ematea garai honetan, egitasmo hau hobekiago ezagutzeko aukera izango da, antolatu dituzten ate irekien saioei esker. Haietako bat, ostegun honetarako, maiatzaren 14rako iragarri dute herri erdigunean, 16:30-18:30 artean LH 2-3koentzat. Hilaren 19an, bestalde, 17:00-18:00 artean, 0-6 urte artekoentzat eta haien senideentzat Zirimara Familian egitasmoa ezagutzeko aukera izango dute.
Antolatzaileek prestaturiko ondoko kartelean dituzue izen-emateari nahiz ate irekien jardunaldiei buruzko xehetasunak:
