Usurbilgo udalak eta Emakumeak Master Cup elkarteak emakumezkoen San Fermin txapelketako kanporaketa bat antolatu dute igande honetarako, maiatzaren 17a, Usurbilen goizeko 12etan. Jaialdi horren bitartez, emakumezkoen esku pilota "ikustarazteko eta sustatzeko" baliatu nahi dute antolatzaileek.
Jaialdiko partidarik esanguratsuena, Etxegarai-Gaminde bikoteak Sagardui-Arrillagaren aurka jolastuko dutena izango da. Izan ere, lau pilotari horiek palmares handia dute. Etxegaraik hiru hiriburuetako txapelketako irabazlea da; Gaminde egungo binakako eta banakako txapelduna da; Sagardui egungo binakako txapelduna da; eta Miriam Arrillaga usurbildarra binakako eta lau eta erdiko txapeldun izandakoa da.
Partida horren aurretik, promesa mailako pilotarien arteko partida bat izango da, harrobiko nesken aukera emateko. Partida hori Arruti-Iparragirre eta Zabala-Lizarralde bikoteen artekoa izango da.
Antolakuntzatik usurbildarrei dei egin diete frontoira gerturatzeko igandean.