Maiatzaren 19an

Bosgarren afari solidarioa sukaldatzera doaz

Noaua Aldizkaria 2026ko maiatzaren 14a

Abenduan, otsailean, martxoan eta apirilean egin bezalaxe, Kaleko Afari Solidarioak egitasmoarekin bat egingo du berriz herri honek datorren asteartean, maiatzaren 19an.

Udazkenean abiarazitako elkartasun ekimenari segida emango dio hilabete honetan ere, Donostiako Kale Afari Solidarioak (KAS) egitasmoarekin bat egingo du berriz ere herri honek. Abenduaren 23an sukaldatu zuten lehen otordua, iluntze hartan bertan hiriburuan banatu zutena. Gauza bera egin zuten otsailaren 17an, hirugarrenez, martxoaren 24an eta azkenekoz apirilaren 21ean.

Datorren asteartean, hilaren 19an bosgarren afaria sukaldatuko dute Aitzaga elkartean. Jakinarazi dutenez, "oraingo honetan ere ez dugu janari-bilketarik egiteko beharrik, urte amaiera aldera jasotako guztiari esker. Aupa zuek, Usurbil!".

Elkartasun ekimenarekin bat egin eta bertan parte hartu nahi izanez gero, telefono zenbaki honetara idatzi edo deitu daitekeela jakinarazi dute Usurbilgo KAS-eko kideek; 688 85 08 24 zenbakira hain zuzen.

Urte amaieran, lehen afari solidarioa
Gogoan izan, udazkenean zehar abiarazi eta osatu zuen herritar talde batek Kaleko Afari Solidarioak egitasmoarekin bat egiteko bilgunea. Egitasmo hura 2020an sortu zuten Donostian. Ekimen solidario horren baitan, kalean bizi direnentzako sukaldatutako afari beroa prestatu eta banatzeari ekin zioten.
Hedabide honetara igorritako oharraren arabera, "dakizuenez, Usurbilgo herritarrok Donostiako Kale Afari Solidarioak (KAS) proiektuan parte hartzen dugu, bertako langileei lan-karga arintzeko asmotan". 

Aipatu moduan, boluntario sare horrekin bat egin zuen udazkenean Usurbilgo herritar talde batek. Hitzaldi bat antolatu zuten hasteko, urriaren 31n Potxoenean, egitasmo honen berri jasotzeko. Gerora, lehen afari solidarioa prestatzea erabaki zuten. Horretarako, elikagaien eta baliabideen bilketa antolatu zuten azaroa amaieran Usurbilen eginiko bi azoka egunetan; Hurbilagoren Udazkeneko Azoka egunean eta biharamuneko 24. Erle Egunean. 

Bildutako elikagaiokin sukaldatu dituzte orain arteko lau afari solidarioak eta gauza bera egingo dute hilaren 19ko bosgarren otorduarekin ere.