Aste hasierakoa da Sutegi udal liburutegiak udaberri parte honetarako antolaturiko azken ekintza; Mireia Delgado ipuin kontalari, pedagogo feminista eta bitartekari literarioa denak LH1-LH3 artekoei zuzenduriko ipuin kontaketa saioa. Ordukoa da albiste honi atxikitako irudia.
2025-26 ikasturtea azken txanpara hurbiltzen doan honetan, ez da uda aurretik antolaturiko haien azken ekintza izango. Izan ere, aldez aurretik beste hiru hitzordu programatuak ditu Sutegi udal liburutegiak; hurrengoa hain zuzen, hilaren 23rako zuten deitua baina ohartarazi zutenez, hilaren 30erako antolatu dute. Ana Merinok bideraturiko idazketa tailerra eskainiko du hitzordu horretan.
Ekintza horrez gain, ekaina hasierarako beste bi hitzordu iragarri ditu Sutegi udal liburutegiak. Segidan dituzue zerrendatuak:
Udaberria liburutegian
Maiatzak 30, larunbata
11:30 Ana Merinok bideraturiko idazketa tailerra (gaztelaniaz).
Iraupena: ordu eta erdi.
Ekainak 1, astelehena
16:00 "Sormena partekatuz", Usurbilgo irakurle gazteen topaketa Yolanda Arrietarekin. "Urtean zehar gazte(txo)en solasaldietan parte hartzen duten kideen topaketa; plana tentagarri iruditzen zaion edonori irekia".
Iraupena: ordubete inguru.
Ekainak 2, asteartea
18:30 Alaine Agirrek bideraturiko solasaldia Karmele Mitxelenaren "Zoriona, edo antzeko zerbait" liburuaren bueltan. "Sutegi Liburutegian jada eskuragarri daude aipatu liburuaren hainbat ale, saioan parte hartzeko liburua aldez aurretik irakurtzea komeni baita".
Antolatzailea: Sutegi udal liburutegia.