2026-27

Zumarte Musika Eskolak hurrengo ikasturterako matrikulazio kanpaina zehaztu du

Noaua Aldizkaria 2026ko maiatzaren 14a

2026-27 ikasturterako Zumarte Musika Eskolan matrikulatu asmo duenak, maiatzaren 25etik 29ra bideratu beharko du izen-ematea.

Zumarte Musika Eskolak datorren 2026-27 ikasturtera begirako matrikulazio kanpainari buruzko zehaztasunak plazaratu ditu. Hasteko, izena emateko epealdia; Sagardo Egunaren osteko astean izango da, astelehenetik ostiralera, maiatzaren 25etik 29ra. Epealdi horretatik kanpo matrikulatzen duenak bere plaza galduko du. Bi modutan matrikulatu ahalko da; alde batetik, telematikoki, zumarte.eus atariaren bidez.

Presentzialki ere eman ahalko da izena bi egunotan; asteartean hilaren 26an eta ostegunean hilaren 28an, 10:00-12:30 artean eta 18:00-19:00 artean, musika eskolaren egoitzaren bulegoan.

Irailean abiaraziko duen ikasturte berrirako eskaintza ere zerrendatu du jada Zumartek. Badira zenbait berrikuntza. Hainbat instrumentuetan trebatzeko aukera izango da; oraingo honetan, baita alboka jotzen ikasteko aukera eskainiko dute. Gainerakoan, biolina, eskusoinua, flauta, gitarra, kantu teknika, klarinetea, organoa, panderoa, perkusioa, pianoa, saxofoia, trikitixa, tronpeta, tronboia eta txistua izango dira aukeran.

Horrez gain, 0-3 adin tarteari zuzenduriko musika izango da eskaintza horretan txertaturiko beste berrikuntza. 4-7 urte artekoei zuzenduriko Musika Txokoa, musika mintzaira, abesbatza eta talde instrumentalak, hortxe Zumarteren hurrengo ikasturterako eskaintza osoa.

Ordainketak izena eman eta gero
Izena emateaz gain, ordainketak bideratu beharko dira baina hori geroago egin beharko da, maiatza amaierako matrikulazioa igaro, "plaza kopuruen zozketak egin eta onartutako ikasleen zerrendak argitaratu ondoren". Musika txokoa eta musika mintzairako ikasle berrien kasuan, "eskainitako plaza kopurua baino eskaera gehiago badago, matrikulazioa bukatu eta hurrengo ostegunean arratsaldeko 18:00tan zozketa egingo da. Zozketaren ondoren itxaron zerrenda egingo da eta bajarik izanez gero, itxaron zerrendako ikasleak sartuko lirateke".

Musika eskolatik zehaztu dutenez, "zuek adierazitako kontu korrontetik, ikaslea onartua izan den ikasgaien matrikulagatik ordaindu beharreko tasaren %10 kobratuko zaizue ekaina bukaeran, %40 iraileko lehen astean eta %50 abendua hasieran".

Zumartetik gogorarazi dutenez, bi hobari aplikatuko dituzte; batetik, familia ugarien nahiz familia unitate bereko hiru senide edo gehiago izena-emanda dauden kasuetan,  "izen-ematearen prezioan %40ko deskontua egingo ziaio izen-emanda dagoen ikasle gazteenari (hileko kuotan ez dago deskonturik)". Hobariei lotutako bi ohar; familia ugarien kasuan txartela eraman beharko dute Zumarteko bulegora eta familia unitate bereko hiru senide edo gehiago izena emandakoen kasuan, "ikasle gazteenak bikiak izanez gero, ikasle bati bakarrik egingo zaio deskontua". Matrikula tasaren itzulketarik ez da egingo.

Bajak
Plazen banaketan jada Zumarteko ikasleak direnek izango dute lehentasuna, "ondoren, Usurbilen bizi diren ikasleak eta hauen artean plaza guztiak banatu ondoren, libre gelditzen diren plazak Usurbiletik kanpo bizi diren ikasleen artean banatuko dira".

Ikasketak hasitakoan, "instrumentua ikasten hasten direnen artean (tronboia, saxofoia, tronpeta edo biolina), nahi izanez gero eta ikasleentzat egokiak badira (tamaina etab.), Zumartek dituen instrumentuak urtebetez utziko zaizkie. Galdetu bulegoan edo bulegoa@zumarte.eus helbidean". Irailaren 30etik aurrera baja emanez gero, ikasturte osoko kuotak ordaindu beharko dira. Bestalde, epez kanpo eta urriaren 30era arte eginiko matrikulazioek "beti ere irakaslego eta batzordearen oniritzia izan beharko dute". Azkenik, urriaren 30etik aurrera, ez da matrikula berririk onartu edo egingo. Ikasturtea hasi eta gero matrikulatukoak, "matrikula osoa ordaindu beharko du" eta falta asko eginiko ikasleak ez du hurrengo urteko plaza gordetzeko eskubiderik izango".

Informazio gehiago (matrikulazio arautegiaren, prezioen edota klaseen ordutegiei buruzko xehetasunak) bideotatik jaso ahalko duzue:
zumarte.eus
bulegoa@zumarte.eus
943 371 594
Kale Nagusia, 45