Kirol hitzorduz gainezka datorkigun asteburu honetan, igandean, hilaren 17an, emakumeen goi mailako bi kirol hitzordu izango dira, biak ala biak ordu beretsuan, eguerdi partean hain zuzen.
Emakume Master Cup, San Fermin txapelketa
Usurbilgo udalak eta Emakumeak Master Cup elkarteak emakumezkoen San Fermin txapelketako kanporaketa bat antolatu dute igande honetarako, maiatzaren 17a, Usurbilen goizeko 12etan. Jaialdi horren bitartez, emakumezkoen esku pilota "ikustarazteko eta sustatzeko" baliatu nahi dute antolatzaileek.
Jaialdiko partidarik esanguratsuena, Etxegarai-Gaminde bikoteak Sagardui-Arrillagaren aurka jolastuko dutena izango da. Izan ere, lau pilotari horiek palmares handia dute. Etxegaraik hiru hiriburuetako txapelketako irabazlea da; Gaminde egungo binakako eta banakako txapelduna da; Sagardui egungo binakako txapelduna da; eta Miriam Arrillaga usurbildarra binakako eta lau eta erdiko txapeldun izandakoa da.
Partida horren aurretik, promesa mailako pilotarien arteko partida bat izango da, harrobiko nesken aukera emateko. Partida hori Arruti-Iparragirre eta Zabala-Lizarralde bikoteen artekoa izango da.
Antolakuntzatik usurbildarrei dei egin diete frontoira gerturatzeko igandean.
Itzulia Women, azken etapa
Ostiral honetatik, maiatzaren 15etik 17ra jokatuko da aurtengo Itzulia Women. Hiru etapetan azkenengoak, igandekoak, hilaren 17koak, udalerri hau zeharkatuko du eguerdi partean, N634 errepidetik barrena, Txikierditik Aginagaraino. Goizeko 10:23 aldera Donostiatik abiatu eta Gipuzkoako hiriburuan bertan helmugaratuko dira 13:40 aldera. Tarte horretan, Eusko Jaurlaritzak gogorarazi moduan, "herri hauetatik igaroko da: Donostia, Hernani, Astigarraga, Oiartzun, Errenteria, Lezo, Hondarribia, Irun, Usurbil, Aginaga, Orio eta Igeldo".
113,1 kilometroko etapa horren baitan, Errekaldetik Txikierdi aldera sartuko dira txirrindulariak aipatu errepidetik. Usurbil eta Aginaga zeharkatuko ditu gero bide beretik, Mendizorrotz aldera jo aurretik.
"Hirugarren etapak, Donostian hasi eta amaituko denak, Donostiako Klasikoa errepikatuko du. Ibilbideak funtsezko puntuak ditu, hala nola Jaizkibel eta Mendizorrotz igoerak, non lasterketa hautsi egiten den. Lehen mailako mendateak aldeak markatuko ditu, bigarren mailakoak etapa eta sailkapen nagusia erabakiko dituen bitartean. Helmugara hurbiltzeak, azken kotaren ondoren, bakarka edo talde txikietan mugimenduak egitea errazten du, eta, amaieran, ahalegin handiak egiteko gaitasuna eskatzen du", antolatzaileen esanetan.
EITB-k zuzenean eskainiko ditu Itzulia Women txapelketako hiru etapak, baita honenbestez, Usurbildik eta Aginagatik igaroko dena ere. Dagoeneko zehaztua dute, ze ordutan igaroko diren txirrindulariak gure artetik. 12:30ak pasatxoan zeharkatuko dute Usurbil eta 12:45 aldera, Aginaga.
Orotara, 19 talde lehiatuko dira aurtengo edizioan, "gehienak emakumezkoen nazioarteko txirrindularitzako gorengo kategoriakoak izango dira". Haietatik "13 ekipo UCI Women’s WorldTeam kategoriakoak dira, eta beste 6 UCI Women’s ProTeam kategoriakoak. Parte hartuko dutenen artean, batzuk tropeleko egitura sendoak dira, eta beste batzuk, hazten ari diren proiektuak". Udalerri hau zeharkatzen ikusiko ditugu taldeotako txirrindulariak: AG Insurance Soudal Team, Canyon-SRAM Zondacrypto, Cofidis Women Team, EF Education Oatly, FDJ United-Suez, Fenix-Premier Tech, Hitec Products-Fluid Control, Human Powered Health, Laboral Kutxa-Fundación Euskadi, Lidl-Trek, Liv-AlUla-Jayco, Ma Petite Entreprise, Movistar Team, St Michel – Preference Home – Auber93, Team Picnic PostNL, Team SD Worx-Protime, UAE Team ADQ, Uno-X Mobility, Vini Fantini – BePink.
"Lehen mailako taldeek eta txirrindulariek berriro parte hartuko dute lurraldeko zenbait gune zeharkatuko dituen ibilbidean", nabarmendu dute. Horregatik, "txirrindularitzako ikuskizun handia izango denez, zaleei eskatu nahi diete etapetan bertan lasterketara hurbiltzen jarraitu dezatela".
Trafikoan eragina
Txirrindulariek zeharkaturiko udalerri bakoitzeko zeharkaldiek orduerdi inguruko etenaldia eragingo dute ibilgailuen joan-etorrian. "Zirkulazioa bere onera itzuliko da bandera berdeekin identifikatutako Ertzaintzaren motozikleta igarotzean", Jaurlaritzatik azaldu dutenez. Inguruotan, 12:10 aldera hasiko dira etenaldiak N634 errepidean. Ondorioz, "Eusko Jaurlaritzak herritarrei dei egiten die garraio publikoa erabil dezaten, eta, gidatu behar izanez gero, ordezko ibilbideak erabil ditzaten, denboraz ibil daitezen eta agenteen jarraibideak bete ditzaten". Errepide sarearen egoera une horretan nahiz noiznahi kontsulta dezakezue, bideotatik:
011
www.trafikoa.euskadi.eus
X sare sozialeko @TrafikoaEJGV kontua
Itzulia Women 2026
Iraupena: maiatzaren 15etik 17ra.
Etapak:
-Maiatzak 15: Zarautz-Zarautz, 121,3 kilometro.
-Maiatzak 16: Abadiño-Amorebieta-Etxano, 138 kilometro.
-Maiatzak 17: Donostia-Donostia, 113,1 kilometro:
12:41-55 inguruan Usurbildik igaroko dira.
12:47-13:02 inguruan Aginagatik igaroko dira.
Informazio gehiago: itzulia-women.eus


