Prezipitazio iraunkorragatik abisu horian segiko dugu iluntzera arte

Noaua Aldizkaria 2026ko maiatzaren 15a

Atzo iluntzeko 21:00etatik, prezipitazio iraunkorragatik 24 orduz jarritako abisu horia indarrean da.

Gogotik ari du euria azken orduotan. Iragarri moduan, ostegun iluntzeko 21:00etan hasita, abisu horia indarrean da prezipitazio iraunkorragatik. 24 orduko tartean segiko du bere horretan, gaur iluntzeko 21:00ak arte hain zuzen, Euskalmet meteorologia agentziaren arabera. Tarte horretan, "Kantauri isurialdeko zenbait lekutan 24 orduan 60 l/m² baino gehiago pila daitezke. Kantauri isurialdean euri ertaina sarri egingo du eta oso ugaria izango da. Kantauri isurialdean baliteke trumoi-ekaitzak izatea eta txingorra egitea, bereziki kostaldean", ohartarazi du Euskalmet-ek.

Ostiral honetan, maiatzaren 15ean, honenbestez, Usurbilen "giroa goibela eta oso euritsua izango da; arratsaldetik aurrera atertzera egingo du eta ostarteak zabal daitezke. Ekaitzak jo dezake. Mendebaldeko edo ipar-mendebaldeko haizea ibiliko da, bolada gogorrekin. Tenperaturan aldaketarik ez edo gutxi jaitsiko da", aipatu meteorologia agentziaren arabera.

Larunbatean, hilaren 16an, "zerua hodeitsu egongo da eta noizbehinka euria egingo du. Mendebaldeko edo ipar-mendebaldeko haizea ibiliko da, bolada gogor batzuekin. Tenperatura minimoetan aldaketarik ez edo gutxi jaitsiko dira, maximoak gutxi edo nahikoa igoko dira".

Igandean, hilaren 17an, "zerua tarteka hodeitsu egongo da eta euria egin lezake noizbehinka. Goizean goiz hego-haizea ibiliko da, arratsaldean ipar-mendebaldekoa. Tenperaturan aldaketarik ez edo gutxi igoko da".

Informazio eguneratua euskalmet.eus bidez jaso ahalko duzue.