2026-27

Haur eskolan matrikulatzeko epealdia abuztu amaierara arte luzatu dute

Noaua Aldizkaria 2026ko maiatzaren 15a

Irailetik aurrera, partzuergoaren bidez eskainiko den haur eskola zerbitzuan matrikulatzeko epealdia abuztu amaierara arte luzatuko dutela jakinarazi du Usurbilgo Udalak.

Apirilaren 20tik maiatzaren 8ra zehaztua zuen Usurbilgo Udalak 2026-27 ikasturterako haur eskolan matrikulatzeko epealdia. Tarte hori, datorren abuztu amaierara arte luzatzea erabaki du. Izan ere, ""0-1 eta 1-2 gelak eskainiko dira Partzuergoaren bidez. Izena emateko epean, ia osorik bete da 1-2 gela; 0-1 gelaren kasuan, berriz, gehiago dira hutsik gelditutako plazak". Ondorioz, "abuztuaren amaierara arte jaio daitezkeen haurrei izena emateko aukera emango zaie".

Udarregi ikastolan bideratu beharko da izen-ematea, Gernika ibilbidea 11n, Udalak egun haur eskola ikastolari esleitua baitio. "Familiek izen ematea Usurbilgo Udalaren eskaera inprimakia betez egin ahal izango dute". Informazio gehiago, bideotatik jaso ahalko duzue: 943 36 12 16 telefono zenbakian edo haurreskola@udarregi.eus helbidean.

Deialdia, 2025ean eta 2026an jaiotako haurren gurasoei edo legezko tutoreei zuzendua dago.

Partzuergora bidean
Gogoan izan, haur eskola Partzuergoan sartzeko bidean da udalerri hau. Aldaketarik ezean, irailetik aurrera, bertan integratua eskainiko da zerbitzu hau. Aldiz, oraindik egun, udal haur eskola izanik, aurtengo izen-ematea Udalak deitu du.

Horrez gain, Kalezarko eraikina eraberritzekoa da Udala. Bitarte horretan, Agerialdeko eraikinean ari dira eskaintzen haur eskola zerbitzua.

Paraleloki, haur eskola Partzuergoan integratzeko bidea jorratzen ari da udalerri hau. Otsailean udalbatzak eginiko osoko bilkuran erabaki zuten bertan sartzea eskatzea. Horrez gain, martxoaren 24an irailetik aurrera eskainiko den haur eskola zerbitzu berriari buruzko argibideak eskaintzeko bilera deitu zuen Udalak Sutegin. Udal eta Partzuergoko ordezkariekin elkartu ziren hainbat familia, kultur-etxeko auditorioan.

Datorren ikasturtean, guztira, 42 plaza eskainiko ditu haur eskolak; 16 0-1 urte artean, beste 26 1-2 urte artean. "Hala ere, plaza horiek moldatu ahal izango dira sortzen diren beharrei erantzuteko", Udaletik ohartarazia dutenez.  Gogoan izan, zerbitzua doakoa izango da.

Egutegiari dagokionean, irailaren 4tik uztailaren 31ra bitarte eskaini ahalko du zerbitzua, guztira 196 egunetan. Udalak, senideek eta hezitzaileek osatutako jarraipen batzordeak adostuko du egutegia eta proposamena helaraziko dio Haurreskolak Partzuergoari.

Ordutegia ere zehaztua dute. Gehienez jota zortzi orduz egon ahalko dira haurrak. Horren baitan, bi ordutegi mota eskainiko dira, bietan haur eskolara sartu eta irteteko malgutasunarekin:
a) Goizeko ordutegia: 7:30etatik 14:00ak arte (haurren sarrerak 7:30-9:30 eta irteerak 13:00-14:00).
b) Egun osoko ordutegia: 7:30etatik 16:00ak arte (haurren sarrerak 7:30-9:30 eta irteerak 15:00-16:00).

Haurrei, hilero gutxienez %80ko asistentzia eskatuko zaie.

Bi aukera eskainiko ditu Partzuergoak; familia bakoitzak janaria etxetik eramatea edo catering zerbitzua eskaintzea, zerbitzua bera bideragarria izanez gero. Hilabeteotan gai hau aztertzekoak dira.

Lehen aldiz bertaraturiko haurrak "hamar laneguneko egokitzapen aldia beteko du gutxienez, haurreskolarekin adostutako orduetan".

Haur eskola zerbitzu berriari buruzko informazio gehiago, usurbil.eus/eu/haur-eskola helbidean jaso dezakezue.