San Ixidro Eguna

"Eman duzunagatik esker onez" omendu dute Kattalin Arzallus Mitxelena

Noaua Aldizkaria 2026ko maiatzaren 15a

Ustekabeko bezain merezitako aitortza jaso du Kattalin Arzallus Mitxelena herrikideak, ostiral honetan, maiatzaren 15ean ospaturiko San Ixidro Eguneko ospakizunen baitan.

Azken urteotan gorazarre egiten zaio herrikideren bati San Ixidro Egunez. Emakume baten txanda izan da aurtengoan; Kattalin Arzallus Mitxelena omendu dute jaialdiko antolatzaile lanetan jardundako Alkartasuna kooperatibak eta Usurbilgo Udalak, frontoian eginiko ostiral honetako, maiatzaren 15eko jaialdian. Senideekin zen une horretan Kattalin, ezusteko ederra hartu du bere izen-abizenak entzundakoan. Alaba Ixabel Agirresaroberekin hurbildu da omenaldia egin zaion frontoiko eremura.

Udalaren eta Alkartasuna kooperatibakoen partetik oroigarri eta otar eder bana jaso ditu. "Eman duzunagatik esker onez", zioen oroigarriak.

Horrekin batera, azken urteotan hutsik egin gabe, bertsoz girotu izan dute San Ixidro Eguna Ane Labaka Mayozek eta Beñat Gaztelumendi Arandiak. Aurten ere gure artean izan dira, besteak beste, Kattalini eskainitako herri omenaldian. "... Zuretzako bertso eta besarkada bana. Ikastolako ume gehientsuenen ama. Nahiz gizonak izaten duen sarri fama, andreak egiten du ezkutuko lana", adierazi dio Labakak bertsotan.

Bere ibilbideari gorazarre egin dio Gaztelumendik. "Esne partitzen jardun auzotik auzora, ta gero merkatura lehengoen pausora. Ta bost seme-alaba gainera ondora, dantzaria gainera, hankak behera gora. Zuk nondik ateratzen zenuen denbora?".

Denboraren hariari tiraka segi du bertsotan Labakak. "Bidea egin duzu goxo zure kasa. Nahiz eta seguru beti ez zen hain erraza. Nik berriz hartu dizut festa zale traza, gaur ere dantzan hartu dezakezu plaza".

Honela borobildu du Gaztelumendik Arzallusi eskainitako bertso saioa. "Gertukoen gertuko, lagunen laguna. Kattallin eskertzen da eman diguzuna, eta oraindik emateko gelditzen zaizuna".

"Eskerrik asko denagatik!"
Herrigintzara nahiz euskalgintzara emandako emakumea da Kattallin Arzallus Mitxelena, antolatzaileek gogorarazi moduan. Hala aurkeztu dute omentzerako unean. "1945. urtean jaioa Ibaetan, Tolare baserrian. 21 urte bertan bizi izan zena esne partiketan eta Bretxan barazki saltzaile. Hiru urtez, Antiguako inprentan ere lan egina. Trikitizale amorratua, dantzari nekaezina, hainbat plazatan saioak egindakoa. Ezkondu eta Usurbilera etorria. 5 seme-alaben ama. Euskaltzalea eta euskara bere duena. Usurbilgo ikastolako hasiera hartan, 1969-70 urteetan, bere umeak bertako ikasle izango zirela garbi izan duena, Martinen onespenarekin noski. Ikasteko grina, esate baterako, Usurbilgo AEKn euskaraz alfabetatu zen. Usurbilen hainbat antzezlanetan parte hartua, hainbat elkarteko parte hartzaile, odol-emaile elkartea, jubilatu elkartea eta hainbat eta hainbat hemen aipatu gabe geratuko direnak. Eskerrik asko denagatik!".