Ez zen giro, euri-jasa artean esnaturiko ostiral goiz honetan, baina gogotik goxatu dute frontoian antolaturiko jaialdiari esker. Izan ere, maiatzak 15 zituen ostiral honek, San Ixidro Eguna ospatu da, beste txoko askotan bezala, baita Usurbilen ere. Ostolaza eta Larrañaga trikitilariek herrian barrena eginiko esnadeiak iragarri du ospakizunen hasiera.
Frontoira heldutakoan, hasiak ziren jada lehen herritarrak gerturatzen, antolakuntza lanetan jardundako Alkartasuna kooperatibak eta Usurbilgo Udalak prestaturiko hamaiketako goxo askoa dastatzera. Bereziki, belaunaldi helduenaren topalekua izan ohi da gaurko ospakizun eguna eta aurtengoa ere ez da salbuespena izan.
Hamaiketakoarekin batera, bueltan izan dira baita beste urte batez, Ane Labaka Mayoz eta Beñat Gaztelumendi Arandia bertsolariak. Gogotik girotu dute jai giroa eguerdi partean.
Dema plazako giza probak eta haren ostean Patri jatetxean eginiko bazkariak borobildu du aurtengoz, San Ixidro Egun hau.