San Ixidro Eguna

Gogotik saiatu behar izan dute, baldintza zailetan eginiko giza proban

Noaua Aldizkaria 2026ko maiatzaren 15a

Goizaldeko euri-jasen ondorioz, baldintza zailetan egin behar izan dute San Ixidro Eguneko giza proba.

Gogotik egin du euria atzo iluntzeaz geroztik. Euri-jasok nabarmenak izan dira herriko bazterretan, baita Dema plazan ere. Zaildu egin dute, San Ixidro Egun honetan egitekoa zuten giza proba; baina egin, egin dute. Ateri eutsi dio gainera, probak iraun artean. Labainkorra zegoen plazan lehiatu da, bestela ere meritu handia izango lukeen, baina gaurko baldintzak ikusita, are meritu handiagoa izan duen laukotea: Iurgi Mendiluze Zuloaga, Imanol Zaldua Unanue, Iñaki Portularrume Unanue eta Gabriel Sarasola Ibargoyen.

Binaka lehiatu dira, partaide bakoitza bitan lehiatu da plazara eramandako harri banarekin. Hamar minutuko proban zenbat plaza egin, hortxe ekinaldiaren gakoa. Segidan dituzue emaitzak. Sarasola gailendu da azkenean. Denen ahalegin itzela nabarmendu beharra dago gaurkoan.

Amaieran, doan eta eskuz eginiko Azpiroz Harrilanen oroigarri bana jaso dute lau partaideek. Laukoteak gaurko jaialdia prestatzen eginiko lanagatik bueltan eskertu eta saritu nahi izan dituzte baita antolatzaileak.

Giza probako sailkapena
1-Gabriel Sarasola Ibargoyen: 4 plaza, 6 zinta eta 88 zentimetro
2-Imanol Zaldua Unanue: 4 plaza, zinta bat eta 45 zentimetro.
3-Iurgi Mendiluze Zuloaga: 3 plaza, 3 zinta eta 96 zentimetro.
4-Iñaki Portularrume Unanue: 3 plaza, zinta bat eta 85 zentimetro.