Askotariko hitzekin definitu daitekeen arren, hauexek hautatu dituzte bizilagunek bi urte betetako Txirikorda definitzeko bere urtemuga festan; "zaintza, pazientzia, elkarbizitza, azken batean, komunitatea da Txirikorda".
Belaunaldiarteko komunitate horren kide izateak askorako balio izan diela nabarmendu dute. "Ulertu dugu, landare bakoitzak ere sustrai propioak dituela, bakoitzak bere lorontzia ezagutzen duela, landare guztiek ez dutela ur kantitate bera behar; badaudela kanpoko landareak eta barruko landareak eta ulertu dugu, lurra goxatu gabe ez dela lorerik ateratzen". Horregatik, zeregin horretan jardun dute denbora honetan. "Azken bi urte hauetan lurra goxatzen ibili gara, apurka-apurka, ondokoaren premiak ulertzen saiatuz eta guztion artean mota honetako proiektu baten lorontzia egiten, guztiok bertan loratu gaitezen".
"Zuekin partekatu nahi dugu"
Lanketa eta ahalegin horrek bere emaitzak ekarri dituela azpimarratu dute. "Ereinez egiten da lurra eta lur hori badabil jada bere uzta ematen. Norbanakoaren familiatik at dagoen familia berri bat sortu dugu eta hori ospatzekoa denez, zuekin partekatu nahi dugu bigarren urteurren hau; ospatu, partekatu eta baita entzun ere".
Herrian, herriarentzat ere badabiltzala adierazi dute, herrigintzan, "KAS afari solidarioaren prestaketetan, zaintza ekosistemaren parte izaten, hirugarren adinekoentzako ekintzak antolatzen... Gaur egungo gizarte indibidualista honetan, komunitate batean bizitzea egokitu zaigu eta zelako zortea gurea".
Izan ere, nabarmendu dutenez, "egunerokotasunaren erritmo itogarri honetan, esku-frenoa ematera bultzatzen gaitu gazteok, inguruaz kontzientzia gehiago hartu eta eguneroko gauza txikiei erreparatzeko".
Belaunaldiartekotasuna goraipatu dute. "Adinekoek beren semeak, alabak edo bilobak izango bagina bezala hartu gaituzte eta egunero zerbait berria ikasten dugu bata bestearengandik". Horregatik guztiagatik, esker hitzak baino ez dituzte. "Milesker, ikaskuntza honetan bidelagun izateagatik, komunitate apal honi orduak eta orduak eskaintzeagatik, eskuzabaltasunagatik, prestutasunagatik eta maitasunagatik. Horrelakorik ezean, ez geundeke hemen, milesker bihotzez! Plazer handia da hau guztia hain jende zoragarriarekin partekatzea. Aupa Txirikorda!".